Datorren ikasturterako Azpeitiko eskola kirolaren programa gurasoei aurkeztuko diete

Nerea Uranga 2023ko mai. 31a, 16:51
Eskola Kirolaren inguruko prozesuan parte hartzen ari diren eragileetako ordezkariak. (Azpeitiko Udala)

Azpeitian datorren ikasturteko eskola kirolerako prestatutako programaren berri emango diete parte hartuko duten ikasleen gurasoei ekainaren 6an, 18:30ean, Azoka Plazako lehen solairuko aretoan. Aurrez eskatzen dutenei itzulpen zerbitzua eskainiko die Azpeitiko Udalak, eta haurrentzako zaintza zerbitzua ere eskainiko dute.

Eskola kirolaren inguruan hausnarketa prozesua garatzen ari dira Azpeitiko ikastetxeetako, guraso elkarteetako eta udaleko ordezkariak azken hilabeteetan. Udalaren arabera, prozesuan parte hartzen ari diren denek "argi" dute eskola adinean garatzen den kirol praktika "ikasleen bizitzan eragiteko tresna ezin hobea" dela, eta beren helburua da haur eta gazteen garapenean eskola kirola "erdigunean kokatzea eta hastapen eredu egokia zehaztea". Horretarako ezinbestekoa dela uste dute ikasleek eta beren gurasoek dituzten beharrak eta nahiak ezagutzea eta gaur egun ematen den zerbitzua egokitzea, etorkizunean "zerbitzu esanguratsua eta aberasgarria" eskaini ahal izateko.

Hori guztia kontuan hartuta, eta ikasleen kirol nortasunaren garapenean "familiak duen garrantziaz" jabetuta, datorren 2023-2024 ikasturtean eskola kirol programan parte hartuko duten ikasleen gurasoei informazio zuzena emateko saioa antolatu dute hausnarketan parte hartzen ari diren eragileek. Prozesua oraindik ez dute bukatu, baina datorren ikasturterako antolatu duten programaren eta adostu duten aldaketaren berri eman nahi diete gurasoei. Informazio hori helarazteko saioa egingo dute ekainaren 6an, 18:30ean, Azoka Plazako lehen solairuko aretoan.

Datorren astearteko saioan batik bat hiru gai landuko dituztela aurreratu dute: "Lehenik, kirol hastapena: adin goiztiarraren espezializazioa edo aniztasuna?; bigarrenik, Gipuzkoako eskola kirola eredua: zertarako eta nolakoa?; eta, hirugarrenik, Azpeitiko 2023-2024 eskola kirola programa".

Eskola kirolaren inguruko saioak irauten duen bitartean, haurrentzako zaintza zerbitzua eskainiko du udalak Iturri Txiki ludotekan. Bilera euskaraz izango da, baina gaztelerara itzulpen zerbitzua eskainiko dute Telegram aplikazioaren bidez. Itzulpen zerbitzua erabili ahal izateko, aurrez izena eman beharko da Udalaren Kirol sailean, kirolak@azpeitia.eus helbide elektronikora idatzita, 943-15 00 95 telefono zenbakira deituta edota ikasle bakoitzaren ikastetxean.