Hodei Juaristirentzat brontzezko domina Espainiako eski txapelketetan

Ihintza Elustondo 2024ko mar. 26a, 10:16
Hodei Juaristi eta Imanol Rojo, Baqueira-Bereten. (Utzitakoa)

Hodei Juaristi azpeitiarrak eta Imanol Rojo tolosarrak hirugarren postua lortu berri dute Baqueira-Bereten (Katalunia) jokatu diren iraupen eskiko Espainiako txapelketetan; zehazki, taldekako esprint lasterketan.

Hodei Juaristi azpeitiarrak eta Imanol Rojo tolosarrak (Gipuzkoa) hirugarren postua lortu berri dute Baqueira-Bereten (Katalunia) jokatu diren iraupen eskiko Espainiako txapelketetan; zehazki, taldekako esprint lasterketan. Denboraldiko azken probak jokatu berri dituzte joan den asteburuan, eta modalitate horretan lortu du Uzturre klubeko bikoteak podiumera iristea.

Bakoitzak hiru errelebo egin behar izan zituen 1,3 kilometroko zirkuituan. Espainian zein Europan erreferente den Rojo izan zuen txapelketan bikote azpeitiarrak. Beste taldeak ere oso indartsuak ziren, bikotearen aurka lehiatu ziren bost kirolari munduko kopan parte hartzen ari baitira. Horrenbestez, podiuma zapalduta lortu du azpeitiar gazteak –2006an jaioa da– denboraldia amaitzea. Aurrez, bere kategorian, hainbat laugarren eta bosgarren postu eskuratu ditu.

Bestalde, Hodeiren arreba Alaia Juaristik lehiak albo batera utzi ditu denboraldi honetan; hain zuzen ere, Euskadiko Teknifikazio Puntuko entrenatzaile lanetan ari da sasoi honetan.