Eguraldi onarekin eta giro onean egin dute Ikasle Topaketa

Urtzi Oteiza eta Nerea Uranga 2024ko api. 19a, 17:35

Oiongo, Zangozako, Getxoko, Baionako eta Azpeitiko ikastoletako 200 ikasle gazte inguruk parte hartu dute gaur Kilometroen barruan Azpeitian egin den Ikasle Topaketan.

Kilometroetako Kultur Izpiak egitasmoaren barruan Ikasle Topaketa egin dute gaur Azpeitian. Aurtengo ikastolen festen antolatzaile diren Oiongo, Zangozako, Getxoko, Baionako eta Azpeitiko ikastoletako 200 ikasle gazte bildu dira. Eguraldi ederra lagun, ederki pasatu dute topaketan bildutakoek elkar ezagutuz eta euskaraz. Goizean, Ikasberri ikastola ezagutu dute, eta segidan, denak batera Sanagustin kulturgunera joan dira. Bertan, aurrena Iñaki Iurrebasok Euskararen egoera gaur hitzaldia eskaini die, UEMAren eskutik. Ondoren, plazan talde txikietan elkartuta, elkar ezagutzeko jolasak egin dituzte, eta Zaparraie euskara taldearekin elkarlanean, Mihiluze jolasa. Azterketak euskaraz egiteko eskubidea ere aldarrikatu dute ikasle guztiek batera.

Gero, elkarrekin bazkaldu dute denek Azoka Plazan, eta bingo musikatua egin dute bazkalondoan. Topaketa bukatzeko, Baionako Bernat Etxepare Lizeoko txarangarekin dantzan eta kantuan ibili dira.