Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusia irabazi du Julen Alberdi 'Txikia IV'.ak

Anartz Izagirre 2022ko aza. 13a, 15:57

Azkoitiarrak 42 minutu eta 39 segundo behar izan ditu lanak amaitzeko, eta lehen postua eskuratu du txapelketan. Bigarren eta hirugarren postuak ere eskualdean gelditu dira: Eneko Otaño izan da bigarren (45 minutu eta hamasei segundo), eta Mikel Larrañaga hirugarren (46 minutu eta zortzi segundo). Emakumeetan, Nerea Arruti izan da garailea.

Garaipen gozoa erdietsi du gaur, igandea, Julen Alberdi Txikia IV.ak Bilbon. Izan ere, Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusia jokatu dute gaur Bilbao Arenan, eta 3.000 ikusleren babespean lortu du azkoitiarrak txapela. Txikia IV.ak 42 minutu eta 39 segundo behar izan ditu lau kana-erdiko, lau ontza eta lau oinbiko ebakitzeko, eta ia hiru minutuko aldea atera dio bigarren sailkatuari. Zilarra, hain zuzen ere, Eneko Otaño beizamarrarentzat izan da (45 minutu eta hamasei segundo), eta brontzea, Mikel Larrañaga azpeitiarrarentzat (46 minutu eta zortzi segundo). Beraz, eskualdean gelditu dira lehen hiru sariak.

Emakumeen txapelketan, bestalde, Nerea Arruti izan da lanak azkarren egin dituen aizkolaria. Hark hamabi minutu eta hamasei segundo behar izan ditu lan guztiak amaitzeko. Bigarren izan da Irati Astondoa (15 minutu eta 58 segundo), eta hirugarren, Uxua Ansorregi (17 minutu eta 52 segundo).

Kirol ekitaldiaz gainera, musikaz gozatzeko aukera ere izan dute finalera joan diren ikus-entzuleek. Izan ere, Süne, Zetak eta Zea Mays taldeek kontzertu bana eskaini dute Bilbao Arenan, giroa berotzeko.