Euskal Herriko Rallysprint Txapelketa irabazi dute Iokin Agirre eta Arantzazu Araneta azpeitiarrek

Anartz Izagirre 2022ko ira. 11a, 16:58

Atzo, zapatua, jokatu zuten txapelketaren azken proba Aramaion (Araba), eta atzoko proban azpeitiarrak laugarren postuan gelditu baziren ere, sailkapen orokorrean urrea eskuratu dute. Atzoko proban, bestalde, Gurutz Agirretxe errezildarrak bigarren postua lortu zuen.

Euskal Herriko Rallysprint Txapelketa irabazi dute Iokin Agirre gidariak eta Arantzazu Araneta kopilotuak Aramaion (Araba). Atzo, zapatua, Aramaiko rallysprintaren 21. edizioa izan zen, eta bertan jokatu zen txapelketaren azken proba ere. Agirre eta Araneta laugarren postuan sailkatu ziren atzoko lasterketan, baina sailkapen orokorrean lehen postua erdietsi zuten. Guztira, lau lasterketatan parte hartu dute azpeitiarrek; horietako lehenengoan 10. postuan amaitu zuten proba, eta hurrengoetan, bigarren, lehen eta laugarren —atzo— postuetan.

Atzoko proban, bestalde, Gurutz Agirretxe errezildarrak bigarren postua eskuratu zuen, Mikel Labaka kopilotuarekin. Horrez gain, Egoitz Lizarralde eta Leire Odriozola azkoitiarrak Euskal Herriko txapeldun izan dira junior, 1.600 kopa eta 2. klaseko modalitateetan, nahiz eta Aramaioko rallysprintean ezin izan zuten garaipenik eskuratu.

Mikel Labaka eta Gurutz Agirretxe.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide