Sanantonioetako paella janerako eta herri afarirako izen emateak jakinarazi dituzte

Nerea Uranga 2023ko mai. 22a, 16:50
Iazko Errezilgo sanantonioetako irudi bat. (Mailo Oiarzabal)

Ekainaren 13rako, San Antonio Egunerako, paella jana antolatu dute, eta parte hartzeko izen ematea maiatzaren 31a artekoa da. Herri afaria, berriz, ekainaren 16rako antolatu dute, eta afarirako txartelak maiatzaren 29an jarriko dituzte saltzen.

Ekainaren 13an, San Antonio egunez, hasiko dituzte festak Errezilen. Umeen Eguna ospatuko dute egun horretan, eta paella jana antolatu dute. Paella taldeka prestatu beharko da, eta izena emateko epea zabaldu dute. Taldeek izena Borondegin eman beharko dute maiatzaren 31 baino lehen, eta izena emateko orduan taldea zenbat lagunek osatuko duten zehaztu beharko da.

Errezilgo Festa Batzordeak azaldu du paellak taldeka prestatu behar direla, eta prestatzeko ontziak, sua nahiz osagaiak norberak eraman beharko dituela. Bateren batek sua inguratzeko arazorik izango balu, festa batzordearekin harremanetan jartzeko eskatu dute. Butanoak, mahaiak eta gainerakoak festa batzordeak jarriko ditu.

Paella janean parte hartzeko buruko 5 euro ordaindu beharko dira, eta prezio horretan edaria, postrea eta kafea sartuko dira.

Herri afarirako txartelak

Sanantonioetako herri afaria ekainaren 16an izango da, 21:00etan. Aurten, Akerra elkartearen ardura izango da antolaketa. Herri afarirako txartelak maiatzaren 29tik ekainaren 11ra bitartean salduko dituzte Borondegin, Letean eta Errezilgo dendan. Helduek 28 euro ordaindu beharko dute txartela eta umek 14 euro.

Errezilgo Festa Batzordeak jakinarazi du sanantonioetako kamisetak Borondegin salgai daudela, 10 euroko prezioan.