Luixa Uzkudun: "Seme-alabak segan ari zirela, izugarrizko inbidia pasatzen nuen"

Unax LarraƱaga - Gorka Eizagirre 2023ko eka. 7a, 10:00

Jaiotzez errezildarra, Leaburun (Gipuzkoa) bizi da Euskal Herriko sega txapelduna. Seme-alabak sega ikasten hasi, eta haiei begira piztu zitzaion grina Uzkuduni. Berak ere pausoa eman, eta txapela janztera iritsi da.

Errezildarra zara izatez. Nolatan bizi zara Leaburun?

Duela 21 urte joan nintzen Leaburura, bikotekidearekin bizitzera. Harrezkero, ia leaburuar eginda nago, nahiz eta Errezil lehen lerroan dudan. Esan beharra daukat bizitzaren zati handi bat Leaburun daramadala eta bertakoa naizela, baita ere.

Nolatan hasi zinen segan?

Duela lauzpabost urte hasi nintzen segan. Gure seme-alabak duela zazpi urte hasi ziren Joxe Gabilondo segalari ohiarekin segan ikasten Gaztelun [Gipuzkoa], eta nik autoz eramaten nituen hara. Izugarrizko inbidia pasatzen nuen, inbidia sanoa esan dezakegu, eta segan ari zirela, haiei begia kendu gabe egoten nintzen.

Joxe Gabilondok begira ikusiko ninduen, eta egun batean etorri eta sega jarri zidan eskuan. Sega hartu nuenean, hastera derrigortuta sentitu nintzen. Lehenengo sega kolpeak eman nituenean, Joxeren begiradapean, hark zera esan zidan: «Zu lehenagotik segan eginda zaude». Esan nion aitari sega lapurtuta, umetan ibilitakoa nintzela, senide guztiak bezala. Aitak kendu egiten zidan sega, kamustu egiten nuela esanda; ezkerra naizelako izango zenaren susmoa dut. Joxek eman zidan sega hartu nuenean, kirol hori praktika nezakeenaren sentsazioa eman zidan, eta gainera, aurretik ibilia nintzela esan zidanez, lasaitasun izugarria sentitu nuen.

Zer du segak hari lotuta mantendu zaituena?

Segara lotuta mantendu nauena familia da gehienbat. Denok ari gara segan: bi semek probatu dute, alabak ere bai... Urtetik urtera, neure burua hobetzen ikusteak ere eragina du, eta sortzen duen grin horrek ere bai; atzo leher eginda bukatu, eta gaur berriro ere segan egiteko gogoa izateak, horrek lotzen nau.

Txapelketetan ere ibiltzen zara. Aspalditik al zabiltza?
 

Duela lau urte eman nuen izena txapelketan lehenengoz, Joxek esanda, emakumeak behar zirela eta. Belardira joan nintzen, eta 35 metro koadro moztu nitzakeela ikusi nuen; beraz, izena eman nuen. Berdin zitzaidan azkena egitea, saila bukatzea zen gauza. Emaitzak hobetzen joan naiz, txapela lortu dudan arte.

Joan den larunbatean bukatu zen Almitzaren liga, eta zu izan zinen txapelduna. Nola ikusi zenuen zeure burua?

Hiru saio puntuagarri izan ziren, Esloveniako Europako Txapelketarako sailkatzeko. Beste urtetan ere egin izan dut, baina aurten, bereziki hobeto prestatuta nengoen. Nahi eta nahi ez, Esloveniara joan nahi nuen; hori zen jarrita nuen helburua. 

Lehen saioa Etxalekun [Nafarroa] egin genuen, eta oso ondo joan zen. Nire gustuko belarra zen, ereindako belarra, baina handia zegoen. Uste dut azkarra ez naizela, baina bai txukuna. Almitzako ligan azkartasuna eta txukuntasuna neurtzen dituztenez, penalizaziorik ez nuen izan. Nahiko eroso sentitu nintzen, eta lehen postuan amaitu nuen. Horrek segurtasuna eman zidan hurrengo saioetarako. Banekien Europa nahiko ziurtatuta nuela, eta nire buruari «txapela zergatik ez?» esanaz joan nintzen. Azken saioan, guztia eman eta txapela erdietsi nuen.

Lehia bat bukatu, eta Binakako Sega Txapelketa duzu Elorrion (Bizkaia) asteburuan. Nor izango duzu bikotekidea?

Igandean bigarren aldiz jokatuko da emakumeen binakako txapelketa, eta aurten, Yugatx Agirre izango dut bikotekidea. Txapela izango dugu helburu. 

Alabarekin binakako txapelketa irabazi zenuen iaz. Bikotekide aproposa aurkitu zenuen, ezta?

Bai, Izadirekin irabazi nuen binakakoa iaz. Alaba oraindik 15 urtez azpikoen mailan zegoen; parte hartzaileen zenbakia, baina, bakoitia zenez, alabari eskaini zioten postua. Niretzako zirraragarria izan zen alabarekin txapelketa jokatzea, eta gainera, irabazi egin genuen. Aurten elkarren aurka arituko gara, baina tira, orduan eta motibazio gehiago izango dugu nor den gehiago  ikusteko.  

Semea eta alaba ere ligako parte hartzaileak dira. Belaunaldi berriek ba al dute etorkizunik segan?

Gazte dezente dabil segan ikasten, Joxe Gabilondok Gazteluko hamabost-hamasei segalari gazte ditu ikasle; uste dut Gaztelun jaiotzen diren haur guztiak segan ikastera apuntatzen direla. 

Zer motatako prestaketa egiten duzue txapelketa bat jokatu aurretik?

Segan arituz ikasten da. Belarra moztu eta teknika perfekzionatzea da garrantzitsua. Astean hiruzpalau saio egiten ditugu, zenbat eta gehiago hobeto, baina giharrak asko behartu gabe.

Emakumea izanik, nolakoa da nagusiki gizonena izan den kirol batean parte hartzea?

Nahiz eta sega plazara ateratzen denean –beste gauza askotan bezala– gizonek ateratzen duten, baserriko lanabes bat da, eta esan daiteke azken urteotan  emakumea izan dela baserriko lanen sostengu nagusia. Duela egun batzuk, 80 urteko gizonezko batek esan zidan bere emazteak oraindik ere irabazi egingo lidakeela segan, eta ez dut zalantzarik egiten hala izango litzatekeela. Emakume horrek berak bakarrik belarra moztu, kargatu, eta etxera eramaten zuen.

Leaburuko alkate izana, egun zinegotzia. Nola uztartzen dituzu baserriko lana, zinegotzi lana eta sega?
 

Neure buruari denbora kendu behar izan diot; hala ere, zinegotzi lana arinagoa da. Baserriko lanari dagokionez, gure produktuak ekoizten ditugu, eta produktu horien salmentan aritzen naiz ni gehienbat.

Txapelketetarako bakarrik erabiltzen al duzu sega? Ez al da hobea belarra mozteko makina?

Kirolerako bakarrik erabiltzen dut sega. Noizean behin gertatu izan zaigu bazterretako belar batzuk mozteko sega erabiltzea, baina egun gutxitan erabiltzen dut lanerako.