Euskararen Hilabetea antolatu dute Errezilen

Nerea Uranga 2024ko mar. 8a, 10:14

'Bizkarsoro' filma.

Udalaren, UEMAren, Erniarraitz bertsozale elkartearen eta hainbat herritarren ekarpenak bilduta osatu dute. Bizkarsoro filmaren emanaldia eta solasaldia izango dira lehen hitzorduan, igandean, 18:00etan hasita, Borondegin.

Errezilgo Udalaren, UEMAren, Erniarraitz bertsozale elkartearen eta hainbat herritarren ekarpenak bilduta, Euskararen Hilabetea antolatu dute Errezilen. "Oraingoan Korrika ez da Errezildik igaroko, baina horren bueltan zerbait antolatzea proposatu zigun UEMAko teknikariak, eta zenbait herritarrek zerbait antolatzeko interesa erakutsi ziguten", azaldu du Izaro Zinkunegi Errezilgo zinegotziak. Hori kontuan hartuta, udalak deialdi irekia egin zuen herritarren interesen berri jakiteko, eta gero taldetxo batek jardun du egitaraua osatzen. 

Hala, baten zein bestearen proposamenak batuta, egitaraua osatu dute euskarari lotuta. Igandean da aurrenekoa: Bizkarsoro filmaren emanaldia eta solasaldia izango dira, 18:00etan, Borondegiko aretoan.

"Errezilen oso normalizatuta daukagu euskaraz hitz egitea eta bizitzea, baina arnasguneetan ere euskararen erabilera jaisten ari dela diote datuek. Beraz, batzuetan, euskaraz bizitzearen kontzientzia pizteko eragin beharra dago, eta gauzak antolatu. Horregatik, Korrikaren bueltan Euskararen Hilabetea prestatu dugu hainbat eragileren eta herritarren ekarpenak bilduta", azaldu du Zinkunegik.

Euskararen Hilabetea

  • Martxoak 10, igandea. Bizkarsoro filmaren emanaldia eta solasaldia. 18:00etan hasita, Borondegiko aretoan. Izaskun Urkijo Bizkarsoro filmaren arte zuzendariak parte hartuko du solasaldian.
  • Martxoak 15, ostirala. Gelatik Plazara gaztetxoen bertso sariketako saioa. 18:15ean, Borondegiko aretoan.
  • Martxoak 18, astelehena. Euskararen egoera gaur, zer diote datuek? hitzaldia. Iñaki Iurrebasok hitz egingo du. 18:30ean, Borondegiko aretoan.
  • Martxoak 21, osteguna. Hitzak eta Errezilgo tokiko izenak aztertzen, Juan Martin Elexpururekin. 19:30ean, Akertxokon.
  • Martxoak 23, larunbata. Errezildarrak elkarrekin Tolosara joango dira Korrikan parte hartzera. Horretarako, 12:30ean elkartuko dira, Goiko Plazan.