Errezil eta Bidania-Goiatz arteko errepidea itxita dago goizaldetik luizi handi baten ondorioz

Mailo Oiarzabal 2024ko api. 9a, 11:48
Errezil eta Trintxera arteko errepidea.

06:00 aldean gertatu da lur jausia, Errezilgo herrigunetik gora hiru bat kilometrora, Zelatunerako bidegurutzea eta Trintxera artean.

Errezil eta Bidania-Goiatz artean erabat itxita dago GI-2634 errepidea, goizaldean gertatu den luizi handi baten ondorioz. Ertzaintzak hedabide honi jakinarazi dioenez, 06:00 aldera gertatu da lur jausia eta harrezkero itxita dago errepidea bi noranzkoetan; lanean ari dira errepidea garbitzeko, baina ezin dute aurreratu noizko irekiko duten berriro bidea.

Koldo Arzallus Errezilgo alkateak jakinarazi du luizia herrigunetik gora hiru bat kilometrora gertatu dela, Zelatunera igotzeko bidegurutzearen eta Trintxera gainaren artean, aipatutako bidegurutzetik kilometro bat pasatxora. Inguruko baserri bideak erabiliz moldatzen ari dira bizilagunak, baina gainerakoan trafikoa etenda dago. UK-02 Azkoitia-Tolosa autobus zerbitzua, esaterako, etenda dago Errezil eta Tolosa artean.