"Lehen sektorearen eta herri txikien garrantzia" nabarmendu du Bakartxo Tejeriak Errezilen

Maialen Etxaniz 2024ko api. 10a, 09:56
Bakartxo Tejeria eta gainerako ordezkari jeltzaleak, atzo, Errezilen. (EAJ)

Tejeriak biista egin du Errezilera, eta hiru baserritan egin ditu geldialdiak, "errealitate desberdinak" ezagutzeko asmoz. Jeltzaleen Gipuzkoako zerrendaburuak nabarmendu du EAJk "baldintzarik gabe" babestuko duela lehen sektorea. 

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen atariko kanpainaren barruan, Errezilera bisita egin du Bakartxo Tejeriak, EAJren Gipuzkoako zerrendaburuak. Atzo, asteartez, izan zen Errezilen, beste hainbat ordezkarirekin batera. Hain zuzen, Olatz Peon, Ane Gil, Jon Ander Azpiroz, Arantxa Tapia, Xabier Arruti eta Koldobide Olabide izan ziren Errezilen Tejeriarekin batera. 

EAJren Gipuzkoako zerrendaburuak "lehen sektorearen eta herri txikien garrantzia" nabarmendu du Errezilera egindako bisitan. "Lehen sektorea jarduera estrategikoa dugu, funtsezko ekarpenak egiten dizkiguna: elikagaiak eta lehengaiak ekoizten ditu, lurraldea kudeatu, paisaia moldatu eta ingurune naturala zaindu. Etorkizuneko oreka bermatzeko giltzarri dugu, eta garrantzi horrekin bat, jauzi bat eman behar dugu sustapen politiketan eta gizartearen kontzientziazioan”, adierazi du Tejeriak. 

Hiru baserritara egin dute bisita jeltzaleek "hainbat errealitate bertatik bertara ezagutzeko". Zehazki, Basabilera, Aritzeta Azpikora eta Errekondo Goikora bertaratu dira EAJkoak. "Gurasoengandik baserria jaso eta Europako laguntzarekin birgaitzen ari diren bi gazteen esperientzia; industria ikasketak eta abelgorrien ustiapen txiki bat uztartzen dituen gaztearena; eta bertako Ibarbi sagarra landatua duen eta horrekin hainbat produktu egiten dituen familiaren espertzia" ezagutu dituzte.

Tejeriaren esanetan, lehen sektorearen "lehiakortasuna bultzatzeko", beharrezkoak dira "berrikuntza, ikerketa, digitalizazioa eta dibertsifikazioa", baita trebakuntza teknologikoa ere. "Jardueraren iraupena eta etorkizuna bermatzeko lan egin behar dugu haren errentagarritasuna handitzeko eta sektorean aritzen direnen bizi-kalitatea hobetzeko, bai eta belaunaldien arteko erreleboa aktiboki sustatzeko ere", adierazi du Tejeriak, beti ere  "jarduera aitortuta, prestigioa emanda eta pertsona berriak sektorera sartzea erraztuko duten neurri pizgarriak hartuta". Jeltzaleak azpimarratu du "gizartearen begietara sektorea erakargarri" egin behar dela.

Era berean, EAJren Gipuzkoako zerrendaburuak nabarmendu du talde jeltzaleak "baldintzarik gabe" babestuko duela lehen sektorea, "elikadura eta etorkizuna ziurtatzeko". "Konpromiso horren erakusletzat" jo ditu jeltzaleen hauteskunde programak lehen sektorerako proposatzen dituen "asmo handiko neurri zehatzak".

(EAJ)