Martxan dira Haitze kalea eraberritzeko lanak

Amaia Urbieta Arruti 2022ko urr. 6a, 11:50

Kale osoa erabilgarri jartzea eta haren egoera hobetzea izango ditu xede obrak, eta lau hilabeteko epean amaitzea aurreikusi du Getariako Udalak.

Getariako Haitze kalearen zati bat erori zen duela urte asko, eta pasabidea moztuta egon da ordutik. Orain, kale osoa erabilgarri jartzeko eta egoera hobetzeko lanak egingo ditu Getariako Udalak.

Bi fase izango ditu obrak, eta guztia lau hilabetetan amaitzea aurreikusi du udalak. Lehenengoan, eroritako zatia pasabide baten bitartez berregingo da. Magalaren zati hori indartzeko, sare metaliko bat ere jarriko da kalearen zati horretan. Bigarren fasean, eskaileren eta kalearen urbanizazio lanak egingo dira. 

Alzola enpresa arduratuko da obraz, eta Ikerlur eta I.Peñalba arduratukko dira zuzendaritzaz, horiek idatzi baitzuten proiektua. Denera, 422.215 euroko kostua izango du obrak, eta kalearen balio historikoa dela eta, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren 148.756 euroko dirulaguntza eskuratu du udalak.