Arraun elkartearen sortzaileei aitortza egin diete Getarian

Aitziber Arzallus 2022ko aza. 19a, 17:56

Udaletxeko areto nagusia leporaino beteta zela, arraun elkartearen hastapenetan ezinbestekoak izan ziren hamalau herritarri eskerrak eman dizkiete arraunlari ohiek, arraun elkarteko gaur egungo kideek eta baita udalak ere. Oroigarri bana oparitu diete bakoitzari, eta ondoren, bazkaltzera joan dira guztiak.

Getariako arraun elkartearen sorreran eta lehendabiziko urteetan lanean jardun ziren hamalau laguni eskerrak eman eta aitortza egin diete gaur eguerdian, Getariako udaletxean egin duten ekitaldian. Ekitaldiaren antolatzaileen izenean, lehen-lehenik, Leandro Andreanok hartu du hitza. Azaldu du 1990ko hamarkadan arraunean ibili ziren hainbat kide pandemia aurretik hasi zirela klubaren sortzaileei aitortza ekitaldi bat egiteko ideiari bueltaka. Nola egin, horra hor koska. "Guretzat errazena izango zen eskerrak eman eta beraiekin joatea, baina iruditu zitzaigun, guk ez ezik, klubak eta udalak ere parte hartu nahiko zutela ekitaldi horretan". Eta halaxe izan da.

Nor omendu eta nor ez erabakitzen ere lanak izan dituztela esan du Andreanok, ziurrenik hamalau baino gehiago izango zirelako lanean jardun zirenak. Alabaina, sorrerako dokumentu batean agertzen ziren bost kideri, Arraun Federazioko lehen zuzendaritzan ageri diren beste seiri eta inongo dokumentutan azaldu ez arren, egunerokotasunean klubean lanean ezagututako beste hainbati egin diote aitortza. Guztira, hamalau laguni: Manuel Inazio Gorostiaga, Francisco Aizpuru, Jose Arregi, Eugenio Kamio, Manuel Alberdi, Alejandro Egurbide, Jose Manuel Etxabe, Ignazio Alberdi, Jose Agustin Larrañaga, Juan Jose Azkue, Bartolo Campos, Juan Basurto, Jabier Etxabe eta Jesus Mari Lasa.

Andreanoren atzetik, Haritz Alberdi alkateak hartu du hitza, eta hark, eskerrak eman dizkie lehengoei zein oraingoei. "Gara, izan zirelako", esan du, eta orain diren horiei zorionak eman dizkie azken denboraldietako lorpenengatik, herriaren poz iturri direla gogorarazita. 

Ondoren, Xabier Goikoetxea klubeko oraingo presidenteak hartu mikrofonoa. Banderaz jositako aretoa klubaren sortzaileei omen egiteko leku aproposa dela esanaz hasi du hitzartzea, eta hasierako urteetan egin zuten lanaren balioa nabarmendu du, batez ere, "herriko gazteei herrian bertan kirola egiteko aukera eskaini izana".

Jarraian, arraun klubaren ibilbidea argazkitan ikusteko aukera izan dute aretoan zirenek, eta horren ostean, oroigarri bana eman diete aipatutako hamalau lagunei, den-denak ez bazeuden ere.

Ekitaldia amaitzeko, Izaro Lestayok hartu du hitza klubeko egungo arraunlarien izenean, eta hark ere esker hitzak izan ditu lehengoentzat zein oraingoentzat; "sortu zenuten elkarteari emandako nortasunaren ispilua gara”.

Udaletxeko ekitaldia eta gero, Berdura plazan bazkaldu dute guztiek.