Haurrek hartu dute Getariako agintea

Aitziber Arzallus 2022ko aza. 20a, 09:09

Alkate Txiki Egunean, Haritz Alberdi alkateak Orkatzi eman dio herriko aginte makila, eta asteburu honetan, hark izango du herriko aginte gorena. Udabaltzarrean, herriko gainontzeko umeen eskariak entzun ditu zinegotzi taldeak, eta ondoren afaria egin dute.

Getariako umeentzat asteburu handia ari da izaten, Alkate Txiki Egunean ohi dutenez, Haritz Alberdi alkateak haiei utzi baitie herriko agintea. Atzo, 19:00etan hasita udaletxean egin zuten ekitaldian, herriko aginte makila Orkatzen eskuetan utzi zuen astebururako, eta segidan, alkate txikiak eta haren zinegotzi taldeak udalbatzarra egin zuten eta herriko gainontzeko umeen eskariak entzun zituzten.

Udalbatzar aretoa goraino beteta zela, herriko haurrek hamaika eskari egin zizkioten udalari: skate parkeko lurra aldatzeko, estalitako igerilekua eta futbol zelaia eraikitzeko, herrian barrena bizikletaz ibiltzeko bidegorria egiteko, jolas parkeetako lurra aldatzeko eta abar. Udalbatzarraren ostean, jolastera joateko agindu zuen alkateak, eta esana betez, buruhandiekin gozatua hartu zuten ausartenek. Horren ostean, afaria egin zuten herriko umeek.

Gaur, berriz, haur eskolaren atari berria inauguratuko dute, eta ekitaldi horren ostean egingo duten hamaiketakoarekin amaituko dute herriko umeek beren jaia.