Getariako Udalak azaldu du 7,6 milioi euroko kostua lukeela herrian futbol zelaia egiteak

Onintza Lete Arrieta 2022ko aza. 21a, 11:25
Igarategiko industrialdea. (Getariako Udala)

Udal Gobernuak agintaldi hasieran esan zuen instalazio berrien inguruko hausnarketa egingo zuela, eta orain jakinarazi du San Prudentzion, Igarategiko lurretan, futbol zelaia egiteko proiektuaren bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa aztertu dituela.

Getarian futbol zelaia eraikitzeari buruzko bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa aztertu ditu Getariako Udalak –agintaldi hasieran hala agindu zuen–, eta horren inguruko azalpenak eman ditu orain prentsa ohar bidez. Zelaia eta instalazioak Igarategi industrialdean egitea aztertu du, San Prudentzio auzoan, eta ondorioztatu du 7,6 milioi euro kostatuko litzatekeela. 

Horregatik, udalak oharrean proiektuari ezezko borobilik eman ez dion arren, oso zaila izango da gauzatzea, gogorarazi baitu urtean 400.000 eurora ez dela iristen udalak inbertsioetarako izaten duen diru partida. Horrez gain, jakinarazi du futbol zelai berriak eraikitzeko dirulaguntza guztiak "ia desagertu" egin direla. "Instituzioek Getariako Udalari jakitera eman diotenez, etorkizun ertainean ez da aurreikusten dirulaguntzarik sortuko denik".

Jakina denez, Getariak ez dauka futbol zelairik, eta Keta klubeko taldeek inguruko herrietako instalazioak erabili behar izaten dituzte entrenatzeko nahiz etxeko partidak jokatzeko.

Xehetasunak

Futbol zelaia eraikitzeaz egin duen azterketa teknikoari dagokionez, hainbat xehetasun eman ditu udalak. Arkitekto batek eta bide-ingeniari batek idatzi dute zelaiaren exekuziorako bideragarritasun txostena, eta azterketa egiterakoan, lehia ofizialetan erabiltzeko gutxieneko neurria izango lukeen futbol zelaia hartu dute oinarri, belar artifiziala izango lukeena, eta, horrez gain, aurreikusi dute 350-400 ikuslerentzako harmaila, 200 metro koadroko instalazio bat (aldagelak, sarrera eta bulegoa) eta 50 autorentzako aparkalekua.

Egindako azterketaren arabera, txostenean ondorioztatu dute futbol zelaia 55 metroko kotan jartzea litzatekeela aukera onena, eta, horretarako, 130.000 metro kubiko bolumen lur zulatu beharko liratekeela. Horrez gain, futbol zelaira iristeko bidea egiteko, beharrezkoa litzateke egun eremu horretan dauden gas edukiontziak eta elektrizitate azpiegiturak lekuz aldatzea. Bestalde, inguru horretako ingurumen baldintzak babesteko neurriak ere hartu beharko lirateke, proiektua gauzatu ahal izateko.

Aurrekontuari dagokionez, azaldu dute kostu handiena obra zibilak eragingo lukeela, 3,2 milioi euro. Horri gehitu beharko litzaioke lurrak desjabetzea eta futbol zelaia eta instalazioak eraikitzea. Guztira 7,6 milioi euro izango lirateke, "materialen prezioen igoerak izan lezakeen eragina kontuan hartu gabe".