Andres Alberdi getariarrak hartu du euskaltzain oso kargua

Onintza Lete Arrieta 2022ko aza. 27a, 09:20
Borda eta Alberdi, atzo, Donostian. (Euskaltzaindia)

Euskararen Akademiak atzo, larunbata, izendatu zituen euskaltzain berriak Donostiako udaletxean egindako Osoko bilkuran. Euskaltzain osoek bozketa egin zuten Xarles Bidegain eta Andoni Sagarna emeritu izatearen ondorioz sortutako hutsuneak betetzeko, eta Alberdik eta Itxaro Borda idazleak erdietsi zuten Euskaltzaindiaren Arautegiak eskatzen duen gehiengo osoa.

Aurreikusi bezala, euskaltzain oso izendatu dute Andres Alberdi irakasle getariarra. Euskararen Akademiak atzo, larunbata, izendatu zituen euskaltzain berriak Donostiako udaletxean egindako Osoko bilkuran. Euskaltzain osoek bozketa egin zuten Xarles Bidegain eta Andoni Sagarna emeritu izatearen ondorioz sortutako hutsuneak betetzeko, eta Alberdik eta Itxaro Borda idazleak erdietsi zuten Euskaltzaindiaren Arautegiak eskatzen duen gehiengo osoa. Gaur egun 24 euskaltzain oso ditu Euskaltzaindiak –hamar euskaltzain emeritu, 143 euskaltzain urgazle eta 65 ohorezko euskaltzain ere baditu–, eta Alberdi da Urola Kosta eskualdeko euskaltzain oso bakarra.

Zortzi hilabete sarrera-hitzaldia prestatzeko

Bidegain eta Sagarna emeritu izatera igaro ziren uda aurretik, biek 75 bete dituztelako, eta hori jasotzen duelako Euskaltzaindiaren barne araudiak. Hala, uztailaren 22an zabaldu zen bien hutsuneak betetzeko hautagaiak aurkezteko epea, eta urriaren 28an, Akademiaren Gasteizko ordezkaritzan, aurkeztu zituzten Alberdiren eta Bordaren hautagaitzak.

Orain, euskaltzain oso berriek zortzi hilabeteko epea izango dute sarrera-hitzaldiak prestatzeko, eta epe bera izango dute erantzunezko idazkia egin behar duten euskaltzainek beraienak prestatzeko. Geroago, harrera ekitaldiak egingo dituzte.