Getarian hasi dituzte Euskararen Eguneko ospakizunak

Jabi Gonzalez Toston 2022ko abe. 2a, 17:40

Bihar eguerdian jarraituko dute ospakizunek Salbatore abesbatzako kideen kantujirarekin. Arratsaldean, berriz, Motx pailazoak ikuskizuna eskainiko du eta jarraian kalez kale ibiliko dira buruhandiak. Gauean, azkenik, bertso afaria egingo dute. Iganderako ere bada hitzordurik, Ainhoa Etxebarria eta Nerea Gartziaren Bibitxa 2.0 ikuskizuna, hain zuzen ere, iluntzean, Iturzaeta aretoan.

Iturzaeta herri eskolako ikasleek eman diete hasiera biharko Euskararen Eguneko ospakizunei Getariako frontoian. Gauzak horrela, Euskaraldiaren amaierarekin bat etorri da ikastetxeak urteko antolatu ohi duen ekitaldia.

Haur hezkuntzako ikasleek 15:00etan hartu dute frontoirako bidea eta ordu laurden beranduagoa abiatu dira lehen hezkuntzakoak kalejiran. Behin guztiak frontoian bilduta zeudela, bertsoak abestuz ireki dute ekitaldia LH6ko ikasleek. Ondoren, Behin betiko, Euskara plazara, Euskararen txantxangorria eta Ahoa bizi eta belarriak prest kantuak elkarrekin abestu dituzte, eta, amaitzeko, aurtengo Euskaraldiko abestia Esazazu hitz bat abestu eta dantzatu dute.

Euskararen eguneko ospakizunek bihar izango dute jarraipena Getarian eta hauxe da udalak prestatu duen egitaraua:

Abenduak 3, larunbata, Euskararen Nazioarteko Eguna:

  • 12:30. Plazan, Kantujira Getariako Salbatore Abesbatzako lagunekin.
  • 18:00. Motx pailazoaren Pozaren Parkean ikuskizuna. Berdura Plazan.
  • Ondoren, Getariako buruhandiak kalez kale.
  • Eguna amaitzeko bertso afaria ere izango da

Abenduak 4, igandea:

  • 19:00. Bibitxa 2.0 ikuskizuna Ainhoa Etxebarria eta Nerea Gartziarekin. Dantza, inprobisazioa eta umorea uztartuko dituzte saioan. Iturzaeta aretoan. Sarrerek bost euro balio dituzte, eta Turismo Bulegoan eskuratu daitezke.