Gabonetarako egitaraua prest dute Getarian

Onintza Lete Arrieta 2022ko abe. 15a, 12:00

Errege Magoen bisita Getariara.

Gabonetako kanten entsegua egingo dute bihar, eta hori izango da urteko garai berezi honetako aurreneko hitzordua. Hortik urtarrilaren 5eko Errege Magoen bisitara arte, hainbat ekitaldi izango da herrian, tartean Belar hostoak emanaldia hilaren 27an.

Astebete eskas falta da Gabon gauerako, eta Getarian prest dituzte askotariko ekitaldi eta hitzorduak urteko garai berezi honetarako. Aurreneko hitzordua bihar bertan izango da, Gabonetako kanten aurreneko entsegua egingo baitute. Hortik hasi eta urtarrilaren 5eko Errege Magoen bisitara arte, adin guztietako herritarrek izango dute Gabon egitarauaz gozatzeko aukera.

Balentziaga Museoak, esaterako, Familia Eguna antolatu du Eguberrien aurreko Santa Luzia jostunen patroiaren egunaren testuinguruan. Familientzako topaketa bat proposatu du, "joskintzaren, musikaren eta tradizioen inguruan, hainbat belaunalditako pertsonen ezagutzak eta jakintzak partekatzeko eta horiekin gozatzeko". Jarduera hori doakoa izango da.

Emanaldi berezia hilaren 27an

Abenduaren 27an, berriz, Belar hostoak ikuskizuna izango da Iturzaeta aretoan. Walt Whitman-en Belar Hostoak (Leaves Of Grass) liburutik zenbait testu euskaratu, abesti bilakatu eta argitaratu zituen Txomin Artolak 1978an, eta orain, disko hartako kantuak berrikusi eta beren erara moldatu dituzte Dani Venegas, Andoni Etxebeste, Antxon Sarasua, Jon Gurrutxaga eta Urbil Artolak. Ikuskizunean Amaia Lasa olerkari getariarrak ere parte hartzen du, Whitmanen inguruan errezitatuz.

Emanaldirako sarrerak bost euroan egongo dira salgai ostiral honetatik –abenduak 16– aurrera, Turismo Bulegoan.

Egitaraua

Bihar, ostirala, abenduak 16:

  • Gabonetako kantuen entsegua, Gure Txerun.

Etzi, larunbata, abenduak 17:

  • Eguerdian, talo jana Gure Txeruren eskutik. Plazan.

Abenduak 18, igandea:

  • 11:30etik 13:30era, Familia Eguna Balentziaga Museoan.
    • 11:30-12:15 bitartean Orfeoi Gaztearen emanaldia.
    • 12:15-13:30 artean, berriz, tailer irekia Eguberrietako Enborrak instalazioaren inguruan.

Abenduak 19-22:

  • Entzunldiak, Pepita Enbil musika eskolan.

Abenduak 24, larunbata:

  • 18:00etan, Mari Domingiren eta Olentzeroren etorrera.

Abenduak 27, asteartea:

  • 19:30ean, Belar hostoak emanaldia Iturzaeta aretoan.

Abenduak 31, larunbata:

  • San Silbestre lasterketa.

Urtarrilak 3, asteartea:

  • 11:30-13:30 eta 16:30-19:00, Gabonetako parkea.

Urtarrilak 4, osteguna:

  • 18:30ean, Bizarzurik Errege Magoentzako eskutitzak jasoko ditu. Plazan.

Urtarrilak 5, ostirala:

  • 18:30ean, Errege Magoen etorrera. San Anton menditik.