Hegalaburra Getarian gizentzeko proiektua herriarentzat ona izan daitekeela uste dute udalak eta kofradiak

Onintza Lete Arrieta 2023ko api. 14a, 08:23

Itsaso zabalean jarriko dituzten kaiolen irudi bat. (Utzitakoa)

Balfegok eta Aztik proba pilotua egingo dute, Getariatik milia gutxitara hegalaburra gizentzeko bi kaiola urperagarri jarrita. Getariako Udalak HITZAri adierazi dio ez diola helegiterik aurkeztuko proiektuari, baina ekarpena egingo diola, "eskatuz egitasmo horrek berekin kontu logistiko eta operatiboak balitu, horiek Getarian izan daitezen, lanpostuak ere herrian sortzeko".

Balfego enpresak eta Azti ikerketa zentroak proba pilotua abiatuko dute itsaso zabalean, Getariatik gertu –3.688 miliara–, hegalaburra gizentzeko bi kaiola urperagarri jarrita. Proiektua Eusko Jaurlaritzari aurkeztuta dago, eta apirilaren 30era arte egongo da jendaurrean, inork helegiterik aurkeztu nahi badu ere. HITZAk Getariako Udalarekin eta Getariako Kofradiarekin hitz egin du, haien iritzia jakiteko.

Haritz Alberdi alkateak adierazi du udalak ez diola helegiterik aurkeztuko proiektuari, baina ekarpena egiteko asmoa dutela, "eskatuz egitasmo horrek berekin kontu logistiko eta operatiboak balitu, horiek Getarian izan daitezen, lanpostuak ere herrian sortzeko". Horrez gain, esan du proeiktuak "ezinbestean jasangarria eta ingurumenarekiko errespetuzkoa" izan beharko lukeela.

Emeterio Urresti kofradiako presidenteak ere uste du proiektuak aurrera egiten badu "lanpostu asko" sor daitezkeela, eta "herriarentzat ona" izan daitekeela, "oraindik proba pilotua den arren".

Izan ere, proiektua aurten bertan abiatuko lukete Itsas Balfego enpresaren izenean 100 hegalaburrekin, baina horiek ez lituzkete merkaturatuko. Egitasmoaren kalitatea testeatuko lukete aurreneko urtean. Datorren urtean, 2024an, hasiko lirateke merkaturatzen ekoizpena. Urtean, gehienez 500 tonaz hegalabur gizenduko lituzkete.

Horretarako, 50 metroko diametroa duten bi kaiola zirkular jarriko dituzte itsasoan.

Elkarlanaren alde

Bestalde, Alberdik kritikatu du udalak aste honetan izan duela proiektuaren berri, "telematikoki emandako sarrera baten harira". Alkatearen ustez, horrek "berriz ere" erakusten du "Portuetako Udal Kontseiluak sortu eta martxan jartzeak duen garrantzia, uste dugulako proiektua aberas dezaketela Getariako herriak eta itsas munduarekin lotura duten eragileen begirada desberdinek".

Alberdik azpimarratu du Getariako itsas portua "oraindik bizirik" dagoela, eta baliabideen ikuspegitik "aukera ederrak" dituela. "Udala irekita dago ekarpenak egiteko", adierazi du.

Lehen sektorearen alde elkarlanean aritzearen garrantziaz ere mintzatu da Getariako alkatea: "Lehen sektorearen aldeko apustua egitea ezinbestekoa dela pentsatzen dugu elikadura burujabetzarako oso inportatea baita eta motor garrantzitsua joka baitezake ikuspegi ekonomikotik ere. Horrelako proiektuek aukera berriak ireki ditzaketela uste dugu, eta ikuspegi zabal eta integraletik egitea ezinbestekoa dela iruditzen zaigu. Adibidez, martxan den Mutrikuko Akuikultura indartuz edo mahai gainean dauden egitasmoak integratuz".

Arrantzaleentzat "aldaketarik ez"

Urrestik, berriz, azaldu du arrantzan "eraginik ez" duela izango proiektu horrek, eta proba pilotua ondo ateratzen bada, "ongietorria" izango dela.

"Uste dugu ekosistemari ez diola kalterik egingo, eta arrantzaleentzat ere ona izan daitekeela uste dugu. Gainera, proiektuak aurrera egiten badu, lanpostu bolumen handia sortuko duela uste dugu", gaineratu du Getariako Kofradiako presidenteak.