EHNEk elkarretaratzera deitu du biharko Askizun, "baserritarren ogibidearekiko errespetua" eskatzeko

Onintza Lete Arrieta 2023ko api. 27a, 09:46
Ardiak larrean.

"Ezin dira artzain batek jaso duen jipoia bezalako jarrerak gehiago onartu", adierazi du Euskal Herriko Nekazari Elkarteak. "EHNEk errespetua eskatzen du baserritarron ogibidearekiko, larreekiko, baratzeekiko, baserriekiko, gure abereekiko eta pertsonekiko".

EHNE Euskal Herriko Nekazari Elkarteak elkarretaratzera deitu du bihar goizerako Getariako Askizu auzoan. 11:30ean frontoian egingo dute bilkura, Errespetua lelopean, errespetua eskatzeko "baserritarron ogibidearekiko, larreekiko, baratzeekiko, baserriekiko, gure abereekiko eta pertsonekiko".

Orain egun batzuk artzain batek salatu zuen pertsona batek jipoitu egin zuela. Antza, liskarra izan zuten ustezko erasotzailearen txakurrak artzainaren ardiak beldurtu ondoren.

"Ezin dira artzain batek jaso duen jipoia bezalako jarrerak gehiago onartu", adierazi du EHNEk, eta biharko protestan parte hartzera animatu ditu herritarrak.