Artzapeko aldapako aparkalekuak egoiliarrentzat izango dira uda partean

Onintza Lete Arrieta 2023ko api. 28a, 16:00
Artzapeko aldapako aparkalekuak. (Getariako Udala)

"Alde Zaharreko bizilagunen eskaerari erantzunez" egin du aldaketa Getariako Udalak, ohar bidez jakinarazi duenez. Goiz partean zamalanetarako izaten jarraituko dute, baina ordutegitik kanpo, bertakoentzat soilik izango dira.

Getariako Udalak, "Alde Zaharreko bizilagunen eskaerari erantzunez", Artzapeko aldapan dauden hamazortzi aparkalekuak egoiliar bihurtu ditu uda partean –ekainaren 1etik irailaren 30era–. Goiz partean zamalanetako gunea bere horretan mantenduko du udalak, baina ordutegitik kanpo, bertakoentzat soilik izango dir, prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.

"Udara garaian herriak bisitari asko hartzen du, eta horrek bertako bizilagunen egunerokoan eragin nabarmena du", azaldu du udalak. "Lau hilabete horietan herritarrek ibilgailuz egiten dituzten joan-etorriak errazteko herriko hainbat aparkalekutan bertakoek bakarrik utzi dezakete ibilgailua, eta orain udalak egoiliar bihurtu dituen hamazortzi aparkaleku berri hauekin, baimendutakoen kopuruak gora egingo du eta, bereziki, Alde Zaharrean bizi diren herritarrei autoa uzteko erraztasuna ekarriko die", nabarmendu du udalak.