Marea beltzaren 20. urteurrenean, txapapotearen aurka lanean aritu ziren hiru eragilek jaso dute Zilarrezko Antxoa

Andrea Zipitria 2023ko mai. 5a, 16:45

Prestige ontziak galdutako petrolioak belztu egin zuen euskal kostaldea, eta tragedia ekologiko haren 20. urteurrenean, Getariako Kofradiak txapapotearen aurka lanean aritutako hiru eragile omendu ditu gaur, Antxoa Eguna tarteko. Hain zuzen ere, aurtengo Zilarrezko Antxoa jaso dute Azti ikerketa zentroak, Jaurlaritzako Arrantza Sailak, eta Gipuzkoako eta Bizkaiko arrantzaleen ordezkariek. Antxoa Eguna aitzaki hartuta, asteburu osora luzatuko da festa.

Antxoa Egunaren barruan, harrera ekitaldia egin da gaur eguerdian Cristobal Balentziaga Museoan. Bertan, "txapapotearen kontra" lanean aritu zirenak omendu dituzte, ingurumen hondamendiaren hogeigarren urteurrenean. Hain zuzen ere, Zilarrezko Antxoaren hiru aipamen banatu dituzte. Gipuzkoako eta Bizkaiako arrantzaleen ordezkariek jaso dute lehena. Gipuzkoako ordezkari gisa, Miren Garmendia Gipuzkoako Kofradietako Federazioen idazkariak hartu du lehena. Bizkaiko arrantzaleen ordezkaria, berriz, Eusebio Aranzamendi izan da, Ondarroako arrantzaleen kofradiako lehendakari ohia bera. 

"Txapapotea biltzeko, hondamendiari aurre egiteko ezagutza behar zen eta garai horietan Azti zentro teknologikoak berehala erreakzionatu zuen; urte horietan bildutako jakintza eta baliabideak jarri zituen itsasoko eragileen esku". Horregatik guztiagatik, bigarren aipamena Azti ikerketa zentroari egokitu zaio. Aztiko zuzendari nagusiak, Rogelio Pozok, jaso du garaikurra. Hirugarren aitortza, Eusko Jaurlaritzako Arrantza Sailari egin diote, eta Bittor Oroz arrantza sailburuordeak jaso du saria. Aparte aipamen bat ere egin dute ekitaldian. Arrantzaleen sareak egiten dituen Alacanteko IRC enpresari, hain justu ere.

Omenduez gain, ekitaldian presente izan dira Haritz Alberdi Getariako alkatea eta Emeterio Urresti Elkano Arrantzaleen Kofradiako lehendakaria, besteak beste. Xabier Euzkitze kazetariak gidatu du aurkezpena, Galiziako 2002 urtean gertatu zen Prestige ontziaren hondamendia hizpide hartuta.

Ekitaldia amaitzeko, Aitor Jimenez dantzari getariarrak aurreskua dantzatu die omendu guztiei, eta Salbatore Deuna abesbatzako kideek bi abesti kantatu dituzte.

Festak jarraipena izango du asteburu osoan zehar hona hemen egitaraua:

Egitaraua

Gaur, ostirala
-18:30. Musika Eskolako trikitilariak eta Gure Txeru elkarteko dantza taldearen emanaldia, Gazte Alaiak txistulari taldeak lagunduta. 
-Ondoren. Bentazaharreko Mutiko Alaiak kalez kale.
-19:00–21:00. Antxoa dastaketa, frontoian. Antxoa parrilan, txakolinarekin, sagardoa txotxetik eta artisau garagardoa.

Bihar, larunbata
-10:00. IV. Juan Sebastian Elkano Xake Torneoa, Berdura Plazan. 
-10:00. Portuan, Kofradia–itsas Etxearen eskutik, Izan Arrantzale tailerra, 6–12 arteko umeentzat, doan. 10:00-11:30, itsas eskulanak tailerra; 11:30-12:30, itsas esperimentuak tailerra; eta 12:30-14:00, arrantza tailerra izango da.
-10:00-14:00. Saregileen lan erakusketa.
-10:00-11:30. Mater itsasontzia ezagutzeko bisita gidatuak.*
-12:30-14:00. Antxoaren artisau-kontserba tailerra Mater itsasontzian.*
-16:00-19:00. Mater itsasontzia ezagutzeko bisita gidatuak. *
-18:00. Euskal Mitologiako haur jokoak egingo dituzte frontoian (giro txarra egingo balu, kiroldegian).
-20:30. Eragiyok abesbatza, Salbatore Deunaren elizan.

Etzi, igandea. Arrantzale Eguna
-11:00. Gipuzkoako Trainerilen Ligako hirugarren jardunaldia, XI. Antxoa Eguna bandera.
-11:00. Arrantzaleen meza, Getariako abesbatzak abestuta. Zuzendaria: Jesus Aldalur.
-Ondoren. Itsas Bedeinkapena, Artzapen.
-Jarraian. Arrantzale zaharrei omenaldia eta hamaiketakoa.
-13:00. Getariako Musika Bandaren kontzertua, elizan. Honako piezak joko dituzte: El tambor de Granaderos (Chapí), Las Walkyrias (Wagner), Alvamar (James Barnes), American Symphoni (Naohiro Iwai) eta Can´t take my eyes of you (Crewe Gaudio).
-10:00-11:30. Mater itsasontzian bisita gidatuak.*
-12:30-14:00. Antxoaren artisau kontserba tailerra., Mater itsasontzian.*
-16:00-19:00. Mater itsasontzia ezagutzeko bisita gidatuak.*
-18:00. Urrezko Aizkora, frontoian. Bitartean, kaleak girotzen Irulitxa txaranga.

*Izena ematea beharrezkoa izango da.