IRITZIA

Etxera

Aitor Irigoien 2023ko eka. 6a, 10:59
Sareren bizikleta martxa bat euskal presoen eskubideen alde.

Bidea dago aurretik, luzea ziurrenik, baina Euskal Herrian egoteaz gain, euskal presoek etxean egoteko eskubidea dutela iruditzen zait, oraindik konpontzeke dagoen gatazka bideratzen laguntzeko. Denon artean pausoak ematen jarraitzeko. Min guztiak aitortuz, biktima guztiak errespetatuz. Sare bezalako erakundeak egiten ari diren lan apartari jarraipena emanez.

"Gai delikatua da, urte luzeetako samin eta sufrimendu handia atzean duena. Pertsona asko gogor kolpatu dituena. Eta juxtu horrexegatik, hasieratik argi utzi nahiko nuke ez dela nire asmoa inor mintzea. Azkenaldian jazo diren hainbat gertaera eta entzundako zenbait adierazpen medio, ordea, gaiaren inguruko nire ikuspegia azaldu nahiko nuke, datu objektiboetan oinarritzen saiatuz. Ez baitzait ez egokia ezta erreala  iruditzen, interes zehatzak jarraituz hainbat arlotatik euskal gatazkaren zein haren ondorioei buruz egiten ari diren irakurketa. Txintxoen eta gaiztoen kontakizuna. Irabazle eta galtzaileena.

Sarri entzun izan dut, baita euskaldun eta abertzaleen artean ere, ondorengo iritzia euskal presoen aferari buruz: "Ni presoak Euskal Herriratzearen aldekoa naiz guztiz. Baina libre uztearena… Euskal Herrira bai, baina etxera ez dakit ba… Hilketak eragin dituenak zigorra bete behar du…". Zilegia da iritzia, noski, eta neurri batean uler dezaket euren argumentazioa ere. Baina puzzlearen zati bati soilik begiratzearen ondorio dela iruditzen zait, puzzle osoari erreparatu beharrean…

Hamarkada luzeak (eta mendeak) irauten ari da euskal gatazka. Oraindik konpontzeke dagoena, bide batez. Gatazka politikoa izatez, bi alde nagusi dituena: Euskal Herria batetik eta haren izaera bera onartzen ez duten Espainiako zein Frantziako estatuak bestetik. Beste leku askotan bezala, gurean ere gatazka politikoak gatazka armatua ere ekarri zuen berekin. Eta bi aldeek (kasu honetan, ETA erakundea batetik, eta bi estatuak eta euren indar armatuak eta paramilitarrak bestetik) hartu zuten parte gatazka armatuan, honek dakartzan ondorio eta albo-kalte larriekin: bi aldeek eragin zein pairatu dituztenak. Bi aldeetan egon dira indarkeria ekintzak eragin dituztenak. Bi aldeetan egon dira eta daude indarkeria horien biktimak. Eta bi aldeetan egon da eta dago oinaze handia. 

2011tik aurrera, zorionez, ETA erakundeak uko egin zion borroka armatua gauzatzeari. Batzuren ustez askoz lehenago egin beharreko zerbait izan zen hori, eta ados nago horrekin... Baina bere jarduna eten zuen, desagertu egin zen, armak entregatu zituen, eta eragindako mina aitortu eta sentitzen zuela aldarrikatu zuen. Hainbatek hainbatetan kanpotik eskatutakoa egin zuen beraz: jarduera armatuari amaiera ematea, bide politikoen eta baketsuen aldeko apustua eginez. Aurrerapauso handia izan zen hori, euskal gizarteak behar bezala baloratu zuena, eta elkarbizitza hobe baterako urratsak ematea ahalbidetu duena.

Testuinguru horretan, askok horrekin jada euskal gatazka gainditu zela, jada bakea lortu genuela eta arazo guztia amaitu zela aldarrikatu zuten. Errealitatetik ezin urrunago kokatuz, nire ustez. Izan ere, beste aldeak oraindik ez ditu armak utzi, ez du eragindako mina aitortu ezta sentitzen duela adierazi ere. Askok ez dute gatazka politikoaren existentzia bera ere onartzen oraindik: "Arazoa ETA erakunde terrorista zen, eta behin polizialki eta militarki garaituta, amaitu da dena". 

Baina ondo dakite ETA sortu baino askoz lehenagokoa dela hemen gatazka, eta ETA desagertu ondoren ere gatazkak hor jarraitzen duela. ETA ez zela izan gatazka piztu, eragin zuena, alderantziz baizik.

Gatazkaren ondorioetako bat euskal presoen auzia da. Aurten, 2011tik hamabi urte luze iragan diren honetan, lortu da preso guztiak Euskal Herriratzea eta dispertsioarekin behingoagatik amaitzea. Hau ere berri bikaina da. Batzuren ustez askoz lehenago egin beharreko zerbait zen hau, eta erabat ados nago horrekin. Inondik eta inolaz ez baitzen sostengatzen sakabanaketaren erabakia, eta horrek presoen senideei eragiten zien sufrimendu, arrisku eta min gehigarria (heriotzak ere suposatu dituena).

Baina honek ez du esan nahi presoen auzia guztiz konpondu denik. Oraindik ere 158 euskal preso baitaude espetxean (urte gordinenetan 800dik gora izatera iritsi ziren, "Dena ETA da" dogmaren ondorioz). Hori bai, guztiak aipatu gatazka armatuko alde batekoak. Beste aldeko denak libre baitaude aspalditik. Inolako zigorrik bete gabe.

Salbuespenezko legedi bikoitza aplikatzen jarraitzen dute, oraindik ere, estatuko egiturek: alde batekoei, zigorrak eternalizatzea, legediaren arabera kalean egon beharko luketenak ere espetxean mantenduz; beste aldekoei, aldiz, zigorrak ezabatzea, espetxean egon beharko luketenak libre utziz lehen unetik, inpunitate osoz. Eta horrela, garbi utziz, beste behin, tratu berdintasunaren printzipioa ez dela existitzen. Ez direla ekintzak epaitzen, ekintza nork egin duen baizik. Ekintza berdin-berdinagatik, alde batekoak 30-40 urte daramatza espetxean, beste aldekoak, gehienez urte bat edo bi (edo batere ez) egin zituen bitartean…

Eta honek bi maila desberdineko indarkeriaren irakurketa ekartzen du berekin. Bi maila desberdineko sufrimendua. Bi maila desberdineko biktimak. Honek berekin dakartzan arrisku eta ondorio txarrekin. Gatazkak eragindako indarkeria, min eta biktima guztiak aitortzeko gai izan behar gara. Guztiak. Eta horien erantzuleekiko ere jarrera eta zorroztasun berdina mantentzeko. Diferentziarik egin gabe. Eta lanketa honetan denok dugu zer hobetua, den-denok, salbuespenik gabe… Horrenbestez, bi aukera posible leudeke aipatu tratu desberdintasuna konpontzeko: edo bi aldeetako indarkeriaren erantzuleei zigor berdinak aplikatzen zaizkie, hasieratik kalean, zigorrik gabe daudenak espetxeratuz eta beste aldekoei ezarri zitzaizkien zigor luzeak ezarriz. Edo denak aske uzten ditugu, egun espetxean daudenak etxeratuz (nazioarteko hainbat gatazketan egin izan den bezala, Hego Afrika edota Ipar Irlanda kasu). Denok dakigu lehen aukera ezinezkoa dela Espainiako estatuan. Inoiz ez dutela halakorik egingo. Beraz, bigarren aukera geratuko litzaiguke… 

Bidea dago aurretik, luzea ziurrenik, baina Euskal Herrian egoteaz gain, euskal presoek etxean egoteko eskubidea dutela iruditzen zait, oraindik konpontzeke dagoen gatazka bideratzen laguntzeko. Denon artean pausoak ematen jarraitzeko. Min guztiak aitortuz, biktima guztiak errespetatuz. Sare bezalako erakundeak egiten ari diren lan apartari jarraipena emanez".