Udal batzordeak, ordainsariak eta udalaren menpeko erakundeetako ordezkariak zehaztu dituzte Getarian

Maria Maya Manterola 2023ko uzt. 12a, 11:01
Zinegotziak botoa ematen atzoko udalbatzarreko irudi batean. (Maria Maya Manterola)

2023-2027 agintaldiko lehen udalbatzarra egin zuten atzo Getarian kargua hartu duten zinegotziek. Agintaldi berriari dagozkion zenbait erabaki hartu zituzten, besteak beste, udalbatzarren maiztasuna, ordainsariak, batzordeen eraketa eta ordainsariak. 

Ekainaren 17ko kargu hartze ekitaldiaren ondoren, udalbatzarrak eratu dira dagoeneko. Agintaldi berriko lehen udalbatzarra atzo, asteartea, izan zen Getarian, eta bertan hartu zituzten datozen lau urteetan udalaren jardunean eragina izango duten zenbait erabaki. 

Lehendabizi, gai ordenari segika, udalbatzarraren maiztasunaz aritu ziren. Bi hilean behin –uztailean, irailean, azaroan, urtarrilean, martxoan eta maiatzean– egitea adostu zuten aho batez udalbatzarra osatzen duten zinegotziek, asteartetan. 

Datozen agintaldiko batzorde berriemaileei buruz aritu ziren gero. Aho batez onartu zituzten batzorde horiek eta batzordeburuak ere. Honako hauek izango dira batzorde berriemaileak:

  • Berdintasuna, Partaidetza eta Etorri berriak: Batzordeburua Ane Loidi (EH Bildu).
  • Gizarte Zerbitzuak: Batzordeburua Ane Loidi (EH Bildu).
  • Hezkuntza: Batzordeburua Jaione Larrañaga (EH Bildu). 
  • Hirigintza, Zerbitzuak eta Ingurumena: Batzordeburua Haritz Alberdi (EH Bildu).
  • Kirola: Batzordeburua Ekaitz Esteban (EH Bildu).
  • Kultura eta Euskara: Batzordeburua Ekaitz Esteban (EH Bildu). 
  • Ogasuna eta Kontuetarako berezia: Batzordeburua Eneko Miralles (EH Bildu).   
  • Turismoa, Merkataritza eta Ostalaritza: Batzordeburua Haritz Alberdi (EH Bildu).
  • Gazteria: Batzordeburua Ainitze Gereka (EH Bildu). 

Ordainsariak eta ordainketak

Hautetsien ordainsariak eta batzordeetako nahiz udalbatzarretako ordainketez ere aritu ziren atzokoan. Haritz Alberdi alkateak UdalHitzeko 20. mailaren araberako soldata izango du agintaldi honetan: jardunaldi osoan 52.463,74 euro gordin jasoko ditu urtean –3.747,41 euroko hamalau paga–. Ekaitz Esteban, berriz, jardunaldi erdian izango da, eta 24.200,19 euro jasoko ditu urtean –1.728,58 euro hilabetean–. 

Bertaratzeei eta kalte ordainei dagokienez, batzorde eta udalbatzar bakoitzeko 65 euro jasoko dituzte, eta batzordeburu izateagatik, gainera, 55 euro jasoko dituzte hilero. Ordainsarien eta ordainketen erabaki horiek EH Bilduren aldeko sei botorekin eta EAJren bost abstentziorekin onartu zituzten. 

Udal taldeei ordaindu beharreko diru sarietan izan zen eztabaida gehien. Koalizioak proposatu zuen zinegotziko eta urteko 400 euro jasotzea udal talde bakoitzak. Alegia, EH Bilduk 2.400 euro eta EAJk 2.000 euro. Iosu Mugika jeltzaleen bozeramaileak azaldutakoaren arabera, jaso beharreko diru kopurua ez litzateke zinegotzi kopuruaren arabera aldatu beharko, eta bi udal taldeek diru kopuru bera jasotzearen alde egin zuen. Eneko Miralles koalizioko zinegotziak erantzun zion, ordea, udal talde bakoitzak duen ordezkaritzaren araberakoa izan behar duela diru kopuruak. Jeltzaleen kontrako bost botorekin egin zuen aurrera EH Bilduren proposamenak. 

Udaleko ordezkariak erakundeetan 

Getariako Udalaren menpeko erakundeak sei dira, eta horietan udalak duen ordezkaritza ere zehaztu zuten atzoko udalbatzarrean. Honakoak dira udalaren menpeko erakundeak: Urola Kostako Udal Elkartea, Uema, Gipuzkoako Uren Kontsortzioa, Urkome, Eudel eta Udalbiltza. Hona hemen erakundeetako ordezkariak, erabakia aho batez hartu ondoren:

  • Urola Kostako Udal Elkartea:
    -EH Bildu: Haritz Alberdi.
    -EAJ: Aitor Urresti.
  • Uema: 
    -EH Bildu: Ekaitz Esteban eta Jaione Larrañaga.
    -EAJ: Iosu Mugika.
  • Gipuzkoako Uren Kontsortzioa: Haritz Alberdi.
  • Urkome: Ekaitz Esteban.
  • Eudel: Haritz Alberdi.
  • Udalbiltza: Haritz Alberdi. 

Azkenik, alkateordeak zehaztu zituzten atzokoan. Ane Loidi eta Ekaitz Esteban izango dira, hurrenez hurren, Haritz Alberdiren ordez arituko liratekeenak.