Izaro Lestayo: "Ez genuen sinisten irabazteko gai ginenik, baina gaur ikusi dugu baietz"

Jabi Gonzalez Toston 2023ko ira. 3a, 19:00

Izaro Lestayo Tolosaldeako patroia ukabila altxata, Kontxako Banderaren lehen jardunaldian lortutako garaipena ospatzen. (Jabi Gonzalez Toston)

Kontxako Banderako traineru azkarrena izanda Tolosaldea emakumezkoetan. Alde txikia ateratzen die gainerako aurkariei, baina gaurko garaipenak onenen parean daudela erakutsi diela nabarmendu du taldeko patroi getariarrak.

Tolosaldea izan da Kontxako Banderako lehenengo jardunaldiko protagonista nagusia, ezustekoa eman baitu estropada irabazita. Euskotren ligan ere behin baino gehiagotan izan da estropada irabaztetik gertu, baina gaur lortu du lehen aldiz denboraldi honetan. Horren aurrean, Izaro Lestayo Tolosaldeako patroi getariarrak adierazi du gaurkoak balio izan duela beraien buruei erakusteko benetan direla "gai" direla estropadak irabazteko: "Nahi genuen, amesten genuen, baina ez genuen sinisten eta gaur ikusi dugu ahal dugula eta hor gaudela. Askok esaten ziguten iritsiko zela garaipen hori, baina liga amaitu zen eta ez genuen bakar bat ere eskuratu, beraz, jendeari erantzun genion ea noiz iritsiko ote zen bada, eta begira noiz eta gaur iritsi da, Kontxan".

Datorren igandean erabakiko da banderaren irabazlea;, oso estuak baitira lehenengo lau traineruen artean dauden aldeak, baina aukerekin ikusten du taldea Lestayok: "Lau faboritoen barruan gaude eta sinisten dugu besteen parean gaudela. Gainera, guk jada lortu dugu irabaztea eta datorren igandean datorrena datorrela hau ez digu inork kenduko".

Hori horrela, "gozatzera" aterako dira beste gauza ororen gainetik Tolosaldeako arraunlariak: "Gaurko estropadaren aurretik ere emaitza ahaztu eta gozatzera ateratzeko eskatu diet taldekideei Kontxa berezia delako. Hala egin dutela esan didate amaieran. Datorren astean asmo bearekin egingo dugu arraunean", azpimarratu du Lestayok.