Marea marroia osatzera eta etxeko trainerua animatzera deitu dituzte getariarrak

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2023ko abu. 25a, 09:34

Eusko Label ligako Getariako traineru estropaden aurkezpena. (Aiora Larrañaga Solabrrieta)

Igandean Eusko Label ligako Getariako estropada izango da 12:15ean hasita. 10:30ean plazan bilduko dira herritarrak kalejiran etxeko taldea animatzera joateko.

Igandean jokatuko da Eusko Label ligako Getariako jardunaldia, eta herrian dena prest dute arraun festarako. 12:15ean emango zaio hasiera estropadari, baina aurreko urtean bezala, Getariako Udalak eta arraun elkarteak herritarrak etxeko taldea animatzera deitu dituzte; hala, 10:30ean jarri dute hitzordua plazan, eta guztiak elkarrekin, marea marroia osatuz, arranplara jaitsiko dira etxeko taldea uretara ateratzen denean animatzera. "Herriko trikitilariekin hitz egin dugu eta parte hartzeko prest agertu dira. Beraz, herritarrei marroiz jantzita etortzeko deia egin nahi diegu. Berez, eguraldi txarra dago aurreikusita; baina espero dugu eguraldia lagun izatea eta pasa den urtean bezala kalejiran guztiok elkarrekin etxeko taldea animatzera joatea".

Pasa den asteburuan eman zitzaion bukaera emakumeen Euskotren ligari, hortaz, aurten Getariako jardunaldian ez da emakumeen estropadarik jokatuko. "Oso polita izan zen gizon eta emakumeen traineru estropadak herrian hartzea, baina aurten TKEko egutegia zehaztu zenean, ezinezkoa izan zen berriz ere Getariako estropadak herriko festekin bat egitea. Pena handiz aurten ez da emakumezkoen estropadarik izango", azaldu du Ekaitz Esteban kirol zinegotziak.

Bestalde, aurtengoan Eusko Label ligako zaleen gunea Altxerrin, Astillero jatetxearen aurrean, kokatuko dutela jakinarazi du Estebanek. "Iaz festetan jokatu zen Getariako estropada eta festetan ere atuna erretzen dela aprobetxatuz bi eremu jarri genituen. Aurten, ordea, jaietatik kanpo izango denez, normaltasunera itzuliko gara eta arranpla ondoan kokatuko dugu zaleen eremua. Bertan, estropadak pantaila handiak ikusteko aukera izango dute zaleek, eta atuna erreta ere eskainiko da".

Herriaren erantzun bikain

Arraun taldeentzat etxeko estropada berezia izan ohi da, eta Getariako Arraun Elkartea "ahalik eta lan txukunena" egiteko gogoz dago. "Asteburu berezia izango da datorrena. Jokatuko diren bi estropadak – Ondarroa eta Getaria– itsasoan izango dira eta uste dugu ondo moldatu gaitezkeela", azaldu du Xabier Goikoetxea elkarteko presidenteak. Gaur egun, sailkapen orokorrean zazpigarren postuan kokatuta dago Getariako taldea, eta bi puntura dute seigarrena. "Polita  izango litzateke Cabori aurre hartzea eta sailkapenean gora egitea. Pasa den asteburuan bi puntu jan ganizkion, eta ea asteburu honetan ere beste koska bat igotzeko gai garen. Gaur egun Eusko Label ligan dagoen mailarekin, guretzat handia izango litzateke liga seigarren postuan bukatzea".

Astean zehar Getariako Arraun Elkarteak estropada antolatzeko boluntarioak behar zituela jakinarazi zuen, eta Xabier Goikoetxea elkarteko presidenteak nabarmendu du deialdia egin orduko laguntzeko proposamen mordoa jaso zituztela. "Herriari eskerrak eman nahi dizkiogu, beti erantzun bikaina izaten duelako".

Kontxako estropada

Egun gutxi barru, ostegunean, jokatuko da Donostiako Estropadetako gizonen sailkapen proba, eta arraun taldeak estropadaz-estropada joaten badira ere, zeharka horri begira ari dira. Goikoetxeak aitortu du Kontxako estropadarako sailkatzeko "dena oso ondo" egin behar dela. "Hala eta guztiz ere, gauza gutxigatik kanpoan geratzeko aukera izaten da. Hamarreko talde bat bagaude Kontxa jokatzeko gogoz, eta KAE1ean sailkapenaren buruan jardun diren taldeek ere sartzeko ahalegina egingo dute. Beraz, egunean bertan dena oso ondo egin beharko dugu sailkatzeko", nabarmendu du.