"Oso polita eta aberasgarria"

Onintza Lete Arrieta 2023ko ira. 26a, 14:07

Dozenaka herritar izan ziren igande iluntzean Getariarren bira dokumentalaren estreinaldian Getariako Iturzaeta aretoan, eta irteeran pozik agertu ziren pantailan ikusitakoarekin. Erlo Telebistak ostiral gauean emango du ikus-entzunezkoa osorik, eta larunbat eguerdian atari honetan eta Getariako Udalaren webgunean ikusgai izango da.

Interes handiarekin ikusi zuten Getariarren bira dokumentala igande arratsaldean Iturzaeta aretoan bildu ziren dozenaka lagunek. Han ziren ikus-entzunezkoko protagonistetako batzuk, baita udaleko eta UKTko ordezkariak eta herriko hainbat eragile ere. Dokumentalak getariarren ahotik jasotzen du herrian nola bizi izan diren azken Elkanoren lehorreratzearen antzezpena eta haren bueltan egindako parte hartze eta hausnarketa prozesua, eta 77 minutuko lanak askotariko emozioak eragin zituen: momentu hunkigarri eta serioak izan ziren, baina baita umoretsuak ere, eta ikusleen algarak eragin zituzten pasarteak nagusitu ziren besteen gainetik.

Emanaldiaren aurretik, hitz batzuk egin zituzten Julen Imaz zuzendariak eta Haritz Alberdi alkateak, eta biek eskerrak emateko aprobetxatu zuten abagunea; Imazek, "hain gai konplexuaz" iritzia ematera ausartzeagatik dokumentaleko 21 lagunei eskerrak eman nahi izan zizkien; Alberdik, UKTri, dokumentala egitera animatzeagatik, baita Elkano Fundazioari ere, bere ekarpena egitearren. "Obsesioetako bat izan dugu ez Elkano eta mundu bira, baizik eta prozesua bera jasota uztea, hiru urte hauetan saiatu garelako gaia mahai gainean jarri eta iritzi desberdinak zituztenen artean, denen artean, hausnartzen eta lehorreratzea eguneratzen".

Emanaldiaren amaieran, herritar bat baino gehiago gerturatu zen Imaz zoriontzera, eta beste batzuei Hitza joan zitzaien galdezka. Marije Manterola herritarrari, esaterako, gustatu zitzaion ikusitakoa: "Dokumentalak oso ondo jasotzen du prozesu osoa: hausnarketak, parte hartzea nolakoa izan den taldeetan, zer zailtasun eta zer aurrerapen egon diren, nork beretik baina besteei entzunez nola lan egin den... Eta hori guztia nola ikusi den gero iazko antzezpenean; emakume bat sartu izana, herrialde desberdinetako familiak agertu izana...".

Dokumentalak jasotako beste alde bat ere interesgarria iruditu zitzaion getariarrari: "Ez digute gure historia behar bezala kontatu, ezkutatu egin digute, eta dokumentalean ikusten da hori. Goazen gu egitera gure historiaren jabe", aldarrikatu zuen. Eneritz Manterola ere pozik atera zen aretotik: "Dokumentala oso polita eta aberasgarria iruditu zait. Hainbat herritarrek parte hartu du, nork bere iritziarekin. Ziurrenez, batzuek aldatuko zuten iaztik hona, beste batzuek berenarekin jarraituko zuten... Interesgarria izan da oso".

Telebistan eta webguneetan ikusgai


Alberdik egindako lana artxibatuta uztearen garrantzia azpimarratu zuen: "Duela ehun urteko artxiboetan ibili ginen begira urteurrena prestatzen hasi ginenean, eta 550. urteurreneko belaunaldiek, gauza bera egitean, artxiboekin batera edukiko dute dokumental interesgarri hau".

Igandean Iturzaetara joan ez zirenek aste honetan bertan ikusi ahal izango dute dokumentala. Ostiralean, hilak 29, 21:30ean emango du Erlo Telebistak, eta larunbatean, hilak 30, 12:30ean ikusi ahal izango da atari honetan, eta baita Getariako Udalaren webgunean ere.

Erlazionatuak

Dokumentu bat etorkizunerako

Onintza Lete Arrieta eta Gorka Eizagirre 2023 ira 21 Getaria