Iazkoarekin alderatuta zergak eta tasak %2,6 igotzea onartu du Getariako Udalbatzak

Onintza Lete Arrieta 2023ko ira. 27a, 17:05
Atzoko udalbatzarraren momentu bat. (Onintza Lete Arrieta)

"Udalak inbertsioetarako funtsa izan dezan" igo dituzte tasak eta zergak EH Bilduren esanetan, eta hobarien bitartez "zerga sistema justu eta proportzionala" lortu dela iritzi dio koalizioak. EAJ, berriz, abstenitu egin da; zergetan igoerarik ez egitea proposatu du oposizioko alderdiak.

Getariako Udalak onartu ditu 2024. urterako ordenantza fiskalak: iazkoekin alderatuta, %2,6 igoko ditu. Atzo iluntzean egin zuten iraileko osoko bilkura, eta EH Bilduren aldeko sei botoekin onartu ziren ordenantza fiskalak. EAJren bost zinegotziak abstenitu egin ziren. Horien ustez zergak ez dira igo behar, eta hobarietako batzuk handitzea ere proposatu zuten.

EH Bilduren izenean, Eneko Miralles Ogasun zinegotziak eman zituen azalpenak udal gobernuaren proposamenaz. Beharrezkoa iruditu zitzaion zergak eta tasak igotzea, "udalak inbertsioetarako funtsa izan dezan", eta horrekin lotuta, azaldu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak jada jakinarazi duela "diru gutxiago" emango diela aurten udalei. 

Igoerak igoera, Mirallesek iritzi zion "zerga sistema justu eta proportzionala" lortu dela hobari eta bonifikazioen bitartez, nahiz eta azpimarratu zuen indarrean den foru arauak ez diela utzi "EH Bilduk nahiko lituzkeen bezainbesteko hobari eta bonifikazioak onartzen". Mirallesek horrela arrazoitu zuen EAJren proposamenak atzera botatzea, horiek "foru araudiaren mugetatik kanpo daudelako".

Hobari batzuk trantsizio energetikoari lotutakoak izango dira. Esaterako, zergaren kuota osoaren %30eko hobaria izango dute "eguzki energiaren edo beste energia berriztagarri batzuen aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak instalatuta dituzten ondasun higiezinek", baita "A edo B motako energia eraginkortasuneko etiketa bat duten ondasun higiezinek ere".

Bestetik, "energia elektrikoa soilik erabiltzen duten ibilgailuek %75eko hobaria izango dute zerga kuotan, eta ibilgailu hibridoek, %40koa".

Eraikuntza, instalazio eta obretan ere %90era arteko hobariak lor daitezke "eguzki energiaren edo beste energia berriztagarrien aprobetxamendu termiko edo elektrikoa ezartzeko".

Etxebizitza politikei dagokienez, "%60ko hobaria izango dute Getariako Alde Zahar edo Historikoaren mugen barnean egindako edozein eraikuntza, instalazio edo obrak, irabazi asmorik gabeko pertsona fisiko edo juridikoek eginak direnean". Herriko etxebizitza merkatua sustatzea da hobari horien helburuetako bat.

Beste hainbat hobari mantendu egingo ditu udalak; esaterako, Bizigune programan parte hartzen dutenek %50eko hobaria izaten jarraituko dute, orain arte bezala. Baita familia ugarien seme-alaba kopuruaren eta etxebizitzen balio katastralen arabera %60-%90 bitarteko hobariak ere.

Ordenantza berrian jasotako aldaketen artean, aipatzekoa da hirigintzako lizentzien egitura aldatu izana. "Orain arte indarrean dagoen ordenantzak ez du bereizten egin beharreko obrek lizentzia behar duten edo ez. Orain, alde batetik bereizketa hori egiten da eta, bestetik, jarduera motaren arabera sailkatzen dira. Zumaian, Orion eta Zarautzen ere egitura hori jarraitzen dute". Diru kopuruei dagokienez, Orioren zenbatekoak hartu dituzte, "baxuenak zirelako".

Dokumentu honetan daude ikusgai zerga eta tasa guztien zenbatekoak.

Beste hainbat puntu ere onartuta

Atzoko osoko bilkuran beste hainbat puntu ere bozkatu zituzten 11 zinegotziek. Batetik, Akarregi auzoa sortzea onartuta gelditu zen; aho batez onartu zuten. Baita Zarautz Jauregiko lanekin lotutako hirugarren eta laugarren obraren ziurtagiria eta faktura ere.

EAJk kontra bozkatu zuen, berriz, Ekaitz Esteban zinegotziaren dedikazio aldaketari buruzko bozketan. Izan ere, orain arte lau orduko dedikazioa zeukan udaletxean, baina hemendik aurrera zortzi ordukoa edukiko du, Haritz Alberdi alkatea izendatu dutelako Udalbiltzako lehendakari, eta handik jasoko duelako horrek dedikazioaren erdia; hala, Alberdik udaleko bere dedikazioaren erdia pasatu dio Estebani. Dena den, EAJk ez zuen kontrako bozaren inguruko azalpenik eman.