Andres Alberdi euskaltzain oso izendatu dute

Mireia Galarza Bastida 2023ko aza. 26a, 09:32

Hainbat erakunde nahiz etxeko kideez babestuta egin zuten atzokoan ekitaldia. Alberdik euskararen arauen inguruan hitz egin zuen luze, baina horretaz gain hizkuntzaren auzian bestelako zereginak ere badaudela eman zuen aditzera euskaltzain oso berriak. 

Euskaltzaindiak izendatu du jada euskaltzain oso Andres Alberdi hizkuntzalari getariarra. Atzo egin zuten ekitaldia, eta Akademiaren barne-arauek xedatzen dutenari jarraikiz, sarrera-hitzaldia sorterrian irakurri zuen.

Salbatore abesbatzak ireki zuen herriko udaletxean egindako ekitaldia. Euskal Herriko semeak gara abestu zuten, eta, ondoren, Getariako ereserkia, herritarrekin batera, ozen. Atariko saioaren ostean, ekitaldi instituzionala hasi zen. Bertan, Andres Urrutia euskaltzainburuak eta Haritz Alberdi Getariako alkateak ongietorria egin zieten bertaratutakoei -Getarian izan ziren, besteak beste Eider Mendoza Gipuzkoako Ahaldun Nagusia, Xabier Ezeizabarrena Gipuzkoako Batzar Nagusietako burua, Bingen Zupiria Kultura eta Hezkuntza Politikako sailburua, Garbiñe Mendizabal Gipuzkoako Hizkuntza Berdintasun zuzendaria, Maddalen Iriarte EH Bilduren Gipuzkoako bozeramalea eta herriko zinegotziak-. Jarraian, Andres Alberdik sarrera-hitzaldia irakurri zuen.

"Harrituta" agertu zen herrikide, euskaltzain eta erakundeetako ordezkarien aurrean, eta aitortu zuen "ametsik ederrenean ere" inoiz ez zitzaiola agertuko atzo eguerdiko imajina. "Lotsatuta" ere bazegoela azaldu zuen: “Pentsatu nahi dut, nire merezimendu pertsonalak baino areago, nire izenean, eskoletako maisu-andereñoen eguneroko afana eta ekina saritzen direla nire izendapenarekin”. Ekitaldia non egin ere izan zen bere buruhausteetako bat; bada, berak argitu zuen moduan, “neure burua getariar petotzat aitortu arren edonon, ez ditut alferrik eman nire bizitzako 50 urte Elgoibarren”. Ondoko hitzak Andoni Sagarna euskaltzain emerituarentzat izan ziren, eta ez zituen ahaztu nahiz izan eskualdean jaiotako euskaltzainak, hala nola Bonifazio Etxegarai, Julene Azpeitia, Salbatore Mitxelena, Karmele Esnal, Iñaki Beobide, Antonio Campos, Anjel Lertxundi, Andoni Egaña, Mikel Lasa eta Kaxildo Alkorta. Den-denak gogoratu eta goratu nahi izan zituen atzoko hitzartzean irakasle eta hizkuntzalari getariarrak.

Segidan, hitzaldiaren mamiari heldu zion Alberdik, eta Arauen itsasoan barna uger egiten ausartu zen. Honela, arauekin izan duen bizipen pertsonalez eta harremanez aritu zen mintzaldiaren lehen partean, arauak baitira getariarraren bizitzako ardatzetako bat, bere alaba Uxue Alberdik liburu batean gogoratu zion moduan: “Gramatika du aitak ezinegonari aurre egiteko modua, araua zaintzea du ofizio, seguru sentitzen da sintagmaren barruan”. Ofizio eta afizio, hitzaldian horri eutsi zion, fin-fin, urte askotan irakaskuntzan eta testugintzan bildutako pentsamenduak, asmoak, bizikizunak, itxaropenak, aukerak, ilusioak eta frustrazioak aletu zituela herrikideen aurrean: “Euskararen unibertsoa ageri zait nondik-nahi hartaz (Getariaz) gogoratzean; izan ere, modu naturalean bizi genuen Getarian euskara. Eta euskara bizi-bizia, espontaneoa, trabarik gabea genuen ezpainetan”. Testuinguru horretan hasi zen Alberdi gaztea euskararen arauen bere “balio-mapa pertsonala” eraikitzen.

Gogoratu zuen bere lehenengo gramatika-ikasbidea, eta Saturrarango seminarioan emandako 11 urteak ere aipatu zituen: “Alderantziz: zorte hitza da erabili beharko nukeena, zeren frankismoaren gordinean bizi izan arren, euskal komunitate bateko partaide sentiarazi baikintuzten han”. Honela, euskaraz oso gazterik alfabetatzeko parada izan zuen Alberdik, Joan Mari Lekuonaren itzalpean eta Jose Zabala-Aranaren Gramática Vasca ikasliburua oinarri. Baina bestelako kontu bat ere ikasi zuen, oso garrantzitsua: “Hizkuntza bat ondo ikasteko, hizkuntza horren arimara iritsi beharra dagoela, eta arima hori herri-literaturan dago batik bat”.

Ondoren, Getariatik Elgoibarrera egin zuen jauzi. 1973an iritsi zen herriko ikastolara, gaztetxoei euskara eta gizartea irakastera. Hantxe ikasi omen zuen beste lezio garrantzitsu bat, ikasle batek ingurrazti hitza erabili eta ulertu ez zionean, hain zuzen, “garbizalekeriak ez ginderamatzala inora”. Gogoratu zuen, baita, hutsaren hurrengoa zela orduko euskarazko ikasmateriala, eta tantaka-tantaka eskuratzen zituztela, handik eta hemendik.

Honela, beharrak eraginda hasi zen testugintzan Alberdi, eta hortxe ikasi zuen, baita, talde-lanaren balioa, boskote bikaina osatu baitzuen getariarrak Angel Ugarteburu, Iñaxio Garmendia, Myriam Villasante eta Markos Balentziagarekin batera. Testugintzan jardun zuen taldeak 20 urtean. Gero, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Euskara Zerbitzuak 1982an abiatu zuen EIMA lan-programa aipatu zuen Alberdik, eta, ondorioz, urte luzez bertan eginiko lanak. Beste lezio bat ere ikasi zuen EIMAn, jendeak eta argitaletxeek "estimu eta jarrera onez" hartzen dituztela arauak, eta are gehiago horiek "argi" esplikatzen badira. Zeregin horretan lagungarri izan zuten 2000. urtean argitaratu zen Hiztegi Batua.

Euskararen itsasoan izandako ibilbideari jarraituz, seigarren portu bat aipatu zuen euskaltzainak: Euskara Batuaren Eskuliburua (EBE). 2018an sartu zen batzordean, eta onartu zuen ordurako euskara batua aski gorpuztua ageri zela, “helduaroan sartuta nolabait esateko, hizkuntzaren oinarriei dagokienez”. Eta lezio berri bat ikasi zuen zeregin honetan: “EBEk adierazi zigun araugintzaren egoera zein zen, eta zer falta zen oraindik arautzeko”. Sarrera-hitzaldiaren bigarren partean araugai berri batzuen demandan aritu zen euskaltzain oso berria, eta eskari edo aldarrikapenarekin batera, hausnargai, euskararen eta arauen gaineko kezka eta gogoeta batzuk aletu zituen.

Dena ez da araua

“Ezin gaitezke arauen mundura bakarrik mugatu", onartu zuen Alberdik. Izan ere, euskararen auzia "prozesu bat" dela esan zuen, eta prozesu horren bi bidetatik egin behar dela lan: “Alde batetik, normatibizazioa daukagu: hizkuntza arautzea, malgutzea, aberastea. Horixe da euskaltzainon, idazleen, itzultzaileen, irakasleen egiteko behinena (...). Baina denok dakigu erronka hortik kanpokoa dela: benetako zailtasunak, gaur-gaurkoz, ez direla corpusarenak edo arauarenak, estatusarenak edo euskararen normalizazioarenak baizik. Beste modu batera esanda, getarriarrak azaldu zuen lana dagoela "hizkuntza erabiltzeko eremuak irabazteko desafioan”. Eta zera gehitu zuen: “Euskararen helburuak garbi izatea eta horien aldeko pedagogia egitea garrantzitsua da".

Ondoren, 11 ardatz ezarri zituen "garbi izan beharreko helburu" gisa. Horien artean aipatu zituen, besteak beste, Batuaren etorkizuna euskararen etorkizuna dela, euskara batu edo estandarra batez ere idatzira bideratu dela, euskara batu edo estandarra eta euskalkiak osagarriak direla eta euskara goxatu egin behar dela. “Euskara ondo jakitea bezain premiazkoa dugu euskaldun gehienak euskaraz eroso aritzeko moduko hizkuntza bat eratzea: behar komunikatiboei egoki erantzuteko gai den euskara, erabilgarria, erakargarria, modernoa, gozapoza sortzen duena (...) Egiteko horretan Akademiak ez, ezpada idazleek, kazetariek, komunikatzaileek... hartu beharko lukete lidergoa”, gehitu zuen.

Mikel Zalbidek eman zion erantzuna Alberdiri, eta bere hitzaldian, getariarraren dohainak gogoratu zituen: “Arraunlari trebe izateaz gainera, lemazain maisu dugu Andres, hizkuntza-eredu jasoa gizarteratzeko saioen esparruan, eta horregatik arraunean egiten segitu behar dela hiztun-idazleen fabore”. Zentzu honetan, Zalbidek adierazi zuen “hizkuntza era bizi eta naturalean eskuratzeak duen garrantzia”, baita ere umetako “aldaera-sorta zabaldu eta aberastearen garrantzia” ere. Hizkuntza-eredu bateratu eta garatua luze-zabal hedatzeko ahaleginean jarraitu beharra dagoela esan zuen, “hiztun-elkarte osoaren altzoan onarpen zabala” eskura dezan.

Azkenik, euskaltzain berriak karguaren zina egin zuen: “Euskaltzaindiaren xede eta helburuei eta euskaltzain izateari dagozkien eginkizunak zintzo eta leialki beteko ditudala neure hitza ematen dut”. Ondoren, euskaltzain osoaren domina, diploma eta ikurra jaso zituen Andres Urrutia euskaltzainburuaren eskutik.

Ekitaldia ez zen amaitu etxekoen aitortzarik gabe, ordea. Hain zuzen, Uxue Alberdi alabak bere letrazaletasunaren "jatorri" moduan identifikatu zuen aita. Horretaz gain, Getariako zein Elgoibarko udalek eta bilobek opari bana zioten euskaltzain osoari eta amaieran, Uxue Alberdik  eta Eñaut Elorrietak Itsasoan urak handi dire abestia kantatu zuten.

Argazkiak: Euskaltzaindia