Idazleentzako sormen egonaldiak eskainiko ditu Getariako Udalak

Mireia Galarza Bastida 2023ko aza. 29a, 13:00

Proiektua sustatu duten eragileak eta bertan parte hartu duten ostalariak, Getariako egonaldien aurkezpenean. (Mireia Galarza Bastida)

Euskal literaturari bultzada emateko, 2024an eta 2025ean astebeteko egonaldiak egin ahal izango dituzte idazleek Getariako ostatuetan. Proiektu "interesgarria eta berritzailea" da.

Getariako Udalak, herriko ostalariekin batera, idazleentzako egonaldiak antolatu ditu 2024. eta 2025. urteetarako. Ekaitz Esteban Kultura zinegotziak azaldu duenez, Uxue Alberdi idazle eta Getariako bizilagunak egindako proposamen batetik sortu da ideia eta "ilusioz" aurkeztu dute jendartera. Estebanen hitzetan, elkarlanetik sortutako proiektua da, eta horregatik, eskerrak eman dizkie bertan parte hartu nahi izan duten ostalari guztiei. Aditzera eman duenez, egonaldien helburua da «euskal literatur sorkuntzari eta idazleei bultzada ematea herriko hainbat ostatu baliabide eskainita, horrela eragileen arteko sinergiak sor daitezen».

Hain zuzen, hasieran aipatutako urte bakoitzean hiru idazlerentzako sormen egonaldi bana egiteko aukera eskainiko du Getariako Udalak herriko hainbat apartamentu, hotel eta ostatutan. Gune horietan, euskal idazleek lan egin ahal izango dute ostatu hartzen duten bitartean. Edozein euskal idazlek –hala nola kazetariek, gidoilariek edo literatura egileek– parte hartu dezake deialdian, eta abiapuntua izango da euskarazko idatzizko sormen lan bat garatzea. Lanak fikziozkoak edo ez fikziozkoak izan daitezke, betiere euskaraz badira. 

Uxue Alberdi idazle eta proiektuaren sustatzaileak esan duenez, eginak ditu berak horrelako sorkuntza egonaldiak beste herri batzuetan, eta sortzaileen aldetik "oso estimatutako" aldiak dira, "egunerokotasunetik irten eta bakartze ariketak" behar dituztelako beraien lana egiteko.


Aukerak herrian 

Getarian horretarako baliabideak egon zitezkeen susmoarekin jo zuen orduan Kultura zinegotziarengana, proposamena azaltzeko: "Asmoa zen turismo arloan dauden eragileek lan karga gutxiago zuten garaietan egitea egonaldiak, beraien jarduna gehiegi ez oztopatzeko, eta zorionez, animatu dira negozio batzuk", dio idazleak. Ildo horretan, Estebanek aditzera eman du herriko ostatu guztiei egin zaiela deialdia, eta denekin egin direla bilera irekiak proiektua azaltzeko. Dena den, zinegotziak gaineratu du interesa duten negozioek oraindik proiektura batzeko aukera dutela.  

Momentuz, ondorengo ostatu hauek parte hartuko dute egitasmoan datozen bi urteetan: Saiaz hotelak, Epoetxea landetxeak eta Katu-kale apartamentuek 2024an, eta San Prudentzio hotelak eta Getaria Apartamentuek 2025ean. "Aitortza moduan", idazleek leku hori aipatu beharko dute lanean, eta Getarian aurkeztu beharko dute sortutako lana.  

Proiektuaren bultzatzaileen arabera, egonaldiek mugimendua eragingo dute herrian, urte bakoitzean hiru idazle igaroko direlako bertatik, eta herritarrek ere izango dutelako haien berri. Zera gehitu nahi izan du Alberdik: "Askotan turismoari lotutako albiste konkretuak jasotzen ditugu, eta honek ohituta ez gauden zerbait jartzen du mahai gainean". Horregatik, proiektua "interesgarria eta berritzailea" dela nabarmendu dute Estebanek eta Alberdik.
 
Egonaldiak noiz izango diren ere zehaztu dute: Saiaz hotelean 2024ko martxoaren 10etik 15era izango da egonaldia, Epoetxea landetxean otsailaren 10etik 16ra eta Katukalen azaroaren 17tik 22ra. Guztiak igandetik ostiralera izango dira.


Epeak eta betebeharrak

Interesa duten idazleek urtea amaitu baino lehen aurkeztu beharko dute eskabidea, eta udalak egingo du proiektuen balorazioa. Erakunde bera jarriko da hautatutako idazleekin harremanetan, eta, une horretatik aurrera, ostalariak jarriko dira harremanetan euren etxean ostatu hartuko duten idazlearekin.

Epaimahaia Estebanek eta Alberdik osatuko dute, Imanol Agirre Garoa liburu dendako liburuzalearekin eta Maribi Aranguren udaleko teknikariarekin batera. Kontuan hartuko dituzte, gainera, hurrengo alderdiak: proiektuaren interesa, bideragarritasuna eta kalitatea; egonaldien erdiak gutxienez emakumezko idazleentzat izatea; eta, urteko egonaldietako bat 35 urtetik beherako idazle batentzat izatea. Azken kasu horretan, 35 urtetik beherako inor aurkeztuko ez balitz, "adin horretatik gorakoei emango litzaieke egonaldia". 

Eskatzaileak aurkeztu beharrekoak ere aipatu dituzte proiektuaren sustatzaileek. Idazleak egonaldian landu nahi duen egitasmoaren azalpena eta lanaren garapen fasea bildu beharko ditu txosten labur batean, eta curriculuma ere aurkeztu beharko du. Horrez gain, interesatzen zaizkion egonaldiak zehaztu beharko ditu –bat baino gehiago izan daitezke–. Hori guztia kultura@getaria.eus helbidera bidali beharko dute.

Ostalariak ere, euskal kultura babesteko prest

Momentuz, Getariako bost ostatu aurkeztu dira proiektura. Horietako batzuk apartamentuak dira, baina tartean badira hotelak eta landetxeak ere.

Proiektuaren sustatzaileak kontziente dira egonaldietan parte hartzeak haiei eskatzen dien ahaleginaz, baina gaineratu dute parte hartzea erabaki dutenek "askatasunetik eta borondatetik" egin dutela. Horregatik, bakoitzak erabakiko du egonaldi horietan zer zerbitzu eskaini: gosariak, ontziteria erabiltzeko aukera, Internet konexioa, logelako hozkailua...

Ostatuetako kudeatzaileek aurkezpenean azaldu dutenez, denek betidanik eduki dute euskal kulturarekiko sentsibilitatea, eta hori babesteko keinuak egitea beharrezkoa ikusten dute. "Etxetik jaso dugun zerbait da", azaldu dute ostalariek.