Kiroldegi aurrean estalpea egitea izango da Getariako Udalaren inbertsio nagusia datorren urtean

Onintza Lete Arrieta 2023ko abe. 1a, 14:26
Sahatsaga kiroldegia.

Getariako 2024ko udal aurrekontuak onartuta gelditu dira aste honetan egindako ohiko bilkuran. EH Bilduren aldeko sei botoekin atera da aurrera udal gobernuaren proposamena; ezezkoa bozkatu dute EAJren bost zinegotziek. Getariak inoizko aurrekontu handiena izango du, 7,1 milioi eurorekin.

Getariako Udalak "inoizko aurrekontu handiena" izango du 2024an: 7.142.470 eurokoa –2023an baino 1,1 milioi euro gehiagokoa–. Hein batean, alde hori sortu da Sahatsaga kiroldegiari lotuta bi inbertsio handi egiteko asmoa duelako udalak: batetik, haren kanpoaldean estalpea egingo du, eta hori 700.000 euro kostatuko litzateke; eta, bestetik, kiroldegiko teilatuan hobekuntzak egitera 300.000 euro bideratuko dituzte.

Astearte iluntzeko udalbatzarrean bozkatu zituzten 2024ko udal aurrekontuak, eta EH Bilduren aldeko sei botoekin onartuta gelditu zen alderdi horrek, hau da, udal gobernuak, egindako proposamena. EAJko bost zinegotziek, berriz, kontrako botoa eman zuten. Proposamenik ez zuen aurkeztu oposizioak.

Udalbatzarrean eztabaida egon zen bi alderdien artean: elkarri aurpegiratu zioten udal aurrekontu proposamenaren lanketa desegoki egin izana. Batetik, Iosu Mujika EAJko oposizioburuak gogor kritikatu zuen udal gobernua, "aurrekontuak landu ahal izateko" eskatutako dokumentazioa "beranduegi" jasotzeagatik. Inbertsio nagusia izango den kiroldegi kanpoko estalpeari  buruzko informazioa, esaterako, "udalbatzarraren bezperan" jaso zutela salatu zuen: "Inbertsio garrantzitsua da, udala zorpetu egingo da, eta ez genuen eskatu informazioa xehetasun guztiekin, zirriborroa baizik, gure erabakia hartu ahal izateko".

Udal gobernuak, berriz, kritikatu zuen EAJk aurrekontuen inguruan proposamenik helarazi ez izana EH Bilduri, eta negoziatzeko bilerara agertu ez izana. Haritz Alberdi alkateak esan zuen "tristura" sentitzen duela oposizioak proposamenik ez duelako egin udal aurrekontuei begira.

Inbertsio eta gastu nagusiak

Eneko Miralles Ogasun zinegotziak eman zuen udal gobernuaren proposamenaren berri. Datorren urteko udal aurrekontua inoizko handiena izango da, baita udalaren diru sarrera arruntak ere: 4.282.470 euro.

Dena den, udal aurrekontuan milioi bat euroko kreditua eskatzea jaso dute kiroldegiko estalpea eta teilatuko hobekuntzak egiteko: "Udalak gaur egun duen finantza-karga baxua dela eta, kreditu horri erantzuteko arazorik ez du izango, baina kreditua eskatzea azken aukeratzat du udalak. Ahal dela, diru laguntzak lortuko ditugu", kontatu zuen Mirallesek. Horrez gain, esan zuen 150.000 euroko kreditu globala gelditzen dela, eta "bestelako ezinbesteko beharrik ez badago", kreditua murrizteko erabiliko dela.

Gastuen atalean, Mirallesek azaldu zuen udal langileen ordainsarietan %2ko igoera egongo dela, eta horri %0,5 gehitzea egongo dela, aldagai ekonomikoen eboluzioaren arabera.

Udalak milioi erdi inbertituko du mendi magalak konpontzeko, eta Ogasun zinegotziak jakinarazi zuen "Jaurlaritzarekin dagoen hitzarmenaren arabera", moilan bertan gastatu behar dela diru kopuru hori.

Zarautz Jauregirako ere diru kopuru handiak gordeko ditu udalak, baina alkateak gogorarazi zuen finantzaketaren zati handiena aldundiak, Jaurlaritzak eta Europako funtsak hartzen dutela beren gain.

Udalaren asmoen artean, Ulpiano etxean ikasgela bat atontzea dago. Zarautz Jauregia egiterakoan hutsik geratuko den gela da hori, Mirallesek zehaztu zuenez. Bestetik, arreta psikosozialera bideratutako diru partida bikoiztu egingo du udalak, aurten 16.000 eurokoa izan baita eta datorren urtean 32.000 eurokoa izango delako, eta Berdintasun arlorako partida berria egongo da, 14.000 eurokoa. "Aldaketa klimatikoa moteltzeko ekintzak" ere kontuan hartu dituzte aurrekontuan –led-bonbilak, brigadako kamioien berritzea, eta abar–, eta 97.319 euro bideratuko dituzte trantsizio energetikoaren plana garatzera.

"Auzotarrek egindako eskaerei erantzunez", berriz,  20.000 euroko diru partida gorde dute hainbat lan egiteko, eta gazte eta entsegu lokalei buruzko parte hartze prozesua egiteko, berriz, 17.000 euro.

Gastuak:

  • Pertsonal gastuak: 1.509.709,32 euro.
  • Gastuak ondasun eta zerbitzuak: 1.535.134,15 euro.
  • Finantza gastuak: 32.265,48 euro.
  • Transferentzia arruntak: 621.663,1 euro.
  • Kreditu globala: 150.000 euro.
  • Inbertsio errealak: 3.200.368,93 euro.
  • Finantza pasiboak: 92.878,95 euro. 

Sarrerak:

  • Zuzeneko zergak: 882.765 euro.
  • Zeharkako zergak: 70.000 euro.
  • Tasak eta bestelako sarrerak: 477.048,07 euro.
  • Transferentzia arruntak: 2.796.007 euro. 
  • Ondasuneko sarrerak: 56.650 euro. 
  • Kapital transferentziak: 1.859.549,93 euro. 
  • Finantza pasiboak: 1.000.000 euro.

Diru partidak:

  • Menditxoko murala: 15.000 euro.
  • Euskara ekintza plana: 16.044 euro.
  • Ulpiano Etxeko ikasgela: 50.000 euro.
  • Gazte eta entsegu lokalaren inguruko parte-hartze prozesua: 17.000 euro.
  • Haur-parkeak berritzeko edo mantentzeko: 30.000 euro
  • Iturzeta Herri Eskolako kanpo horma konpontzeko proiektua idaztea: 18.000 euro.
  • Arreta psikosoziala: 32.000 euro.
  • Berdintasuna: 14.000 euro.
  • Trantsizio energetikoaren plana garatzeko: 97.319 euro.
  • Mendi magalak konpontzea: 500.000 euro. 
  • Herri-bideak txukuntzeko, seinaleak eta postontiak berritzeko, etab: 20.000 euro. 
  • Hiri Antolaketa Plan Orokorra berritzeko proiektua idaztea: 50.000 euro.  
  • Potzuagako eremuko aldaketa puntualaren proiektua idaztea: 15.000 euro.
  • Zarautz Jauregia, 3. zatia: 544.439,65 euro.
  • Zarautz Jauregiaren obra museistikoa: 750.233,67 euro. 
  • Arraun Elkarteko atea: 10.000 euro.
  • Kiroldegiko estalpea: 700.000 euro. 
  • Kiroldegiko teilatuan hobekuntzak egitea: 300.000 euro.