'Mundubira Elkanorekin' mahai jokoa aurkeztu dute, transmisioa indartzea xede

Maria Maya Manterola 2023ko abe. 16a, 13:30

Getariako Udalak, Zanbuka Guraso Elkarteak eta Iturzaeta Herri Eskolak elkarlanean sortutako proiektua da. Dagoeneko salgai dago Harritarten eta Turismo Bulegoan.

Mundubira Elkanorekin mahai jokoa aurkezteko ekitaldia izan zen atzo, ostirala, Getariako Berdura plazan. Azken hilabeteotan landutako proiektuaren emaitza aurkeztu zuten, hain zuzen, Getariako Udaleko, Zanbuka Guraso Elkarteko eta Iturzaeta Herri Eskolako kideek, eta plaza goraino bete zuten etxeko txikienek nahiz gurasoek. 

Getariako herri curriculuma lantzeko taldeak sustatu du proiektua, eta azaldu zutenaren arabera, herriko ezagutzaren transmisioa indartzea du helburu jokoak. Bertan izan ziren mahai jokoaren sormen prozesuan parte hartu duten kideak, eta azaldu zuten jokoaren helburua, merkataritzarena dela, espeziak biltzea, alegia. Bidean aurrera egiteko, parte hartzaileek zenbait galdera erantzun beharko dituzte. Dena den, nabarmendu zuten kolaboratiboa dela jokoa, eta beraz, parte hartzaile guztien artean egin beharko dutela bide hori. 

Aurrerantzean Harritarte dendan edo Turismo Bulegoan eskuratu ahal izango da mahai jokoa.