Zine zikloa antolatu dute Getarian otsailaren 18tik martxoaren 10era

Onintza Lete Arrieta 2024ko ots. 7a, 08:30

'Bizkarsoro' ikus-entzunezkoko une bat.

Igandero gai sozial edo politiko zehatz bati buruzko ikus-entzunezkoa emango dute Iturzaeta aretoan, eta amaieran, herritarrek gaiaz solasteko aukera izango dute filmeko zuzendari edo arduradun batekin. Bi arnas, Bidasoa, Bizkarsoro eta Ama ta asuna lanak aukeratu dituzte zinema ziklorako, eta azken horrekin erakusketa ere jarriko dute.

"Hausnarketa bultzatzeko helburuarekin", zinema zikloa egingo dute Getarian otsailaren 18an hasi eta martxoaren 10era bitartean. Getariako Udalak antolatu du zikloa, eta lau ikus-entzunezko aukeratu dituzte herritarrei erakusteko: Bi arnas (otsailaren 18an), Bidasoa (otsailaren 25ean eta martxoaren 1ean), Bizkarsoro (martxoaren 3an) eta Ama ta asuna (martxoaren 10ean).

Bidasoa dokumentala bi aldiz emango dute, baina bigarren saioa Iturzaeta herri eskolako LH6. mailako ikasleentzat izango da. Beste emanaldi guztiak igandez izango dira, 18:00etan hasita. Ikus-entzunezkoak ikusteko sarrera ordaindu beharko da, eta horiek asteartean, hilak 13, jarriko dituzte salgai Turismo Bulegoan. Bakarka hiru euro kostako dira, eta laurak ikusteko bonua, berriz, 10 euro kostako da. Sarrerak geldituz gero, emanaldien egunean ere erosi ahalko dira aretoan bertan.

Emanaldi guztien ondoren herritarrek gaiaz solasteko aukera izango dute film edo dokumental horietako egileekin edo arduradunekin. Gai zehatzak mahai gaineratzen dituzte, izan ere, lan horietan: amatasuna, tortura, immigrazioa eta euskara. "Eztabaidarako gunea sortzea" izan da film horiek aukeratzearen helburua Ekaitz Esteban Kultura zinegotziak azaldu duenez, eta gaineratu du Ama ta asuna lanari lotuta erakusketa ere egongo dela ikusgai udaletxe azpian. "Filma emango den egunean bertan, martxoaren 10ean, eguerditik arratsaldera egongo da ikusgai erakusketa txiki bat amatasunaren gaiaz, egileak berak egindakoa".

Zinema zikloa antolatzearen ideia modu naturalean sortu zela kontatu du Estebanek: "Herritar batek Bizkarsoro lana ikusi zuen Zinemaldian, txundituta gelditu zen, eta herrian proiektatzea pentsatu genuen, baina otsailera arte itxoin behar zela esan ziguten. Aldi berean, Fermin Muguruzaren Bidasoa emateko proposamena jaso genuen, eta hala, filmak modu soltean eskaini beharrean, ziklo bat antolatzea erabaki genuen".

Hauek dira zinema zikloan emango dituzten ikus-entzunezkoen teaserrak: