Zuberoako Larraine herriko eskolarekin harremana estutu du Getariako Iturzaeta ikastetxeak

Juan Luis Romatet 2024ko ots. 26a, 14:00

Iturzaetako eta Larraineko Eskolako kideak. (Iturzaeta ikastetxea)

Getariako ikastetxeko bi lagun bisitan izan dira Zuberoako herri honetako eskola ezagutzeko eta bi eskolen arteko harremana estutzeko. Eskolen arteko elkarlana sustatzea ere adostu dute bisita honetan.

Zuberoako Larraine herria bisitatu eta bertako eskola ezagutzeko parada izan dute Getariako Iturzaeta ikastetxeko bi ordezkarik. Udaletxean egin zieten harrera eta han ezagutu zuten Larraineko Eskolako zuzendari eta irakasle Philippine. Bera da eskolako irakasle bakarra eta bere kargu ditu 17 ikasle: Haur Hezkuntzako zortzi ume eta Lehen Hezkuntzako bederatzi, guztiak ere 3 eta 11 urte bitartekoak. "Eskolako egunerokoaz, lan egiteko moduaz eta inguruneaz hitz egin dugu. Euskararen herrian, hurbil egonagatik ere bizi ditugun errealitate hain ezberdinak kontatu dizkiogu elkarri. Eta batzen gaituena, euskara, kultura, herria, hezkuntza, banatzen gaituena baino askoz handiagoa dela ikusi dugu", azaldu dute bueltan Getariako ikastetxeko ordezkariak.

Bi eskolen arteko elkarlana ere adostu dute. "Larraineko haurrekin bideoak eta podcastak elkar trukatuko dituzte Iturzaetako LH3-ko gure 22 ikasleek. Ekainera bitartean hasiera emango diogun harremanari datorren urtean jarraipena emateko gogoa azaldu dugu bi Eskolek, eta bidean elkar ezagutzeko modua ere egiteko ilusioz itzuli gara", gaineratu dute getariarrek.

"Bihurgunez betetako bidaia luzea egin dugun arren, mendiz inguratutako ingurune zoragarrian etxeko ateak ireki eta beso zabalik hartu gaituzte zuberotarrek. Elkar ezagutze eta hurbiltze honi bide oparoa opa diogu zinez!", nabarmendu dute Iturzaetako lagunek.