Getariarrek ere emakumeen aldeko aldarriekin egin dute bat

Mireia Galarza Bastida 2024ko mar. 8a, 18:50

Gaur arratsaldean egindako elkarretaratzea. (Aritz Mutiozabal)

Gure bizitzekin negoziorik ez leloarekin bat eginda, dozenaka herritar bildu dira herriko plazan. Mariñak Getariako Talde Feministak deitu du elkarretaratzea. 

Emakumeen Nazioarteko Eguna da gaur, Martxoak 8a. Aldarri moreak atera dituzte Euskal Herriko txoko guztietan, baita Getarian ere. Mariñak Getariako Talde Feministak deituta, elkarretaratzea egin dute gaur arratsaldean.

Gure bizitzekin negoziorik ez lelopean, hainbat eta hainbat herritar elkartu dira udaletxe plazan, eta guztiek babestu dituzte aldarri feministak. Salatu dute erakunde publikoak gizarte mugimenduen diskurtsoaz jabetzen ari direla, "herritarren errealitatea eta bizitza hobetzeko politika publikoak gauzatu gabe". Eta hori irudikatzeko bi adibide zehatz aipatu dituzte: sexu heziketarena eta zaintzarena. Mariñako kideen ustez "Eusko Jaurlaritza kanpaina sentsazionalistak egiten ari da", eta ez dio arazoei errotik eusten.

Gaurkoaz gain, igandean ere izango dira ekintzak herrian. 11:00etatik 14:00etara, udaletxeko sarrera nagusian, Ama eta asunak proiektuaren sei lan grafiko jarriko dituzte ikusgai. Arratsaldean, aldiz, 18:00etan, izen bereko dokumentala emango dute Iturzaeta aretoan. Ondoren, June Baonza dokumentalaren egilearekin solasaldia izango da. 

Baonzak ikusentzunezkoaren bitartez nahi izan du amatasunaren ideala deseraiki eta amatasunaren praktika bizigarriagoa egiteko erreferente eta diskurtso anitzak eskaintzea.