23. Korrika

Tipi-tapa, tipi-tapa, lainopean igaro da 23. Korrika Getariatik

Andrea Zipitria 2024ko mar. 20a, 11:00

Suziri baten hotsarekin iragarri zuten 23. Korrikaren iritsiera Getariara. Laino eta txalaparta artean egin zieten ongi etorria getariarrek, euskararen aldeko aldarriari.

Ordu txikietan izanagatik ere, jende andana batu zen atzo euskararen aldeko aldarrian Getarian. Arratsaldetik ziren Korrikaren itxaroan getariarrak, eta gauerdirako bete ziren kaleak dagoeneko. Herriko plaza inguruan batu ziren herritarrak, eta hainbat izan ziren Zarautz aldera gerturatu zirenak ere. 01:40 aldera suziriri bat botata iragarri zuten bazetorrela 23. Korrika Zarautz aldetik, eta herrian sartu zen berehala furgoneta koloretsua aurretik zuela. 

Laino eta txalaparta artean egin zieten ongi etorria getariarrek Korrikari, eta Kale Nagusira sartu zen ondoren. Handik, Elkano kalean buelta eman eta hartu zuen Korrikak Zumaia alderako norabidea. Zumairaino ibilbidea egin zuenik izan zen, baina gehientsuenak herrigunean geratu ziren txokolate beroak harrapatuta.