Getariako eta Zarauzko dantzariak eta beste lau herritakoak elkartuko dira igandean Dantzari Txiki Egunean

Onintza Lete Arrieta 2024ko api. 12a, 12:00
Artxiboko irudian, dantzari txiki batzuk Getarian.

Eguerdi partera hasiko dute kalejira Sahatsaga Goitik, eta herrian taldeka hainbat saio eskaini ondoren, denek elkarrekin egingo dute dantza 13:00etan frontoian. Kiroldegian bazkalduko dute dantzari txikiek, eta egunari amaiera emateko erromeria egingo dute plazan Elizagoien ahizpekin.

Dantzari Txiki Eguna ospatuko dute igande honetan Getarian. Gure Txeru elkarteak antolatutako jaian herriko dantzariek parte hartuko dute, nola ez, baina baita eskualdeko eta Gipuzkoako beste hainbat taldek ere: Zarauztik etorriko da dantza talde bat, eta Debatik, Usurbildik, Lezotik eta Oiartzundik ere talde bana etorriko dira.

Dantzarien kalejira 11:15ean hasiko da Sahatsaga Goian, eta herriko kaleetan zehar hainbat saio eskainiko ditu talde bakoitzak. 13:00etan, berriz, talde guztiak frontoian elkartuko dira dantza emanaldia eskaintzeko. Elkarrekin bazkalduko dute Sahatsagan 14:00 aldera, eta eguna amaitzeko, erromeria egingo dute plazan, 16:00etatik 18:00etara, Elizagoien ahizpekin.