Hainbat hirigintza ekintza lizitaziorik gabe egiteko ordenantza onartu du Getariako Udalak

Onintza Lete Arrieta 2024ko api. 14a, 08:00
Etxe bateko planoak.

Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) argitaratu du ordenantza berria, eta 20 eguneko epea egongo da ekarpenak egiteko. Aldaketari esker, "garrantzia tekniko txikiko obrak egitekoç2, herritarrek aldez aurretik idatziz egindako jakinarazpena nahikoa izango da esku hartzeak martxan jartzeko.

Getariako Udalak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO) argitaratu berri du aldez aurretiko lizentziarik behar ez duten Hirigintza izaerako ekintzak aurrera eramateko ordenantza berria. Helburua, "herritarrei hainbat gestio erraztea" da. Ordenantza berria indarrean sartu baino lehen, 20 egunez egongo da jendauerrean, ekarpenak egiteko.

Udalak azaldu duenez, legeak ematen dituen aukerak baliatu ditu aldaketa egiteko: "Orain arte, jarduerak eta obrak egiteko lehendabizi udal baimena lortu beharra izatea zen ohikoena. Zenbait kasutarako, ordea, legeak udalari aurrekomunikazioen figura erabiltzea ahalbideratzen dio. Getariako Udalak aukera hori aprobetxatu du udal ordenantza berri bat idazteko, eta hori onartu berri du".

Hala, hainbat kasutan, herritarrek aldez aurretik idatziz egindako jakinarazpena nahikoa izango dute esku hartze horiek martxan jartzeko: "Garrantzi tekniko txikiko obra kasuetarako –etxeko akaberak aldatu edo igogailua ordezkatu, esate baterako–, edo gogaikarriak, kaltegarriak edo arriskutsuak ez diren jarduerak egin behar direnean, bai eta ordenantzan bertan aurreikusitako beste jarduera batzuetarako ere, herritarrek aldez aurretik idatziz egindako jakinarazpena nahikoa izango dute esku-hartze horiek martxan jartzeko".

Hori bai, udalak jakinarazi du obra horien jarraipena eta inspekzio lanak areagotu egingo dituela.

Salbuespena Alde Zaharra izango da: "Alde Zaharrak duen babes mailaren ondorioz, aurrekomunikazioz bakarrik has daitezkeen esku-hartzeen zerrenda murritzagoa da".