Larunbatean amaituko da pilotako XXVI. Salbatore Txapelketan izena emateko epea

Onintza Lete Arrieta 2024ko api. 17a, 10:05
Pilotari bat, Getariako frontoian, Salbatoreetako pilota txapelketako partida bat jokatzen.

Kadete, jubenil eta 23 urtez azpikoentzako txapelketa maiatzaren 6an hasiko da, eta finalak abuztuaren 6an izango dira, urtero bezala, salbatoreen bueltan. Pilota elkarte bakoitzak nahi adina bikote apunta ditzakeela jakinarazi dute antolatzaileek.

Gure Txeruk zabaldu du izena emateko epea pilotako XXVI. Salbatore Txapelketarako, eta epe hori larunbat honetan amaituko da, hilak 20. Txapelketa kadete (2008-2009), jubenil (2006-2007) eta 23 urte azpikoentzat (2001 arte, hori barne) izaten da, eta maiatzaren 6an izango du hasiera. Finalak, berriz, abuztuaren 6an jokatuko dituzte, ohi bezala, Salbatore jaien bueltan.

Klub bakoitzak nahi adina bikote aurkezteko aukera izango du maila bakoitzean, eta izena ematerakoan zehaztu beharko dute pilotari bakoitza zer urtetakoa den. Izena telefonoz eman daiteke 688 86 38 60 zenbakira deituta (Xabier Etxaniz), edo korreo elektronikoz, mezua etxanizgetaria@gmail.com helbidera idatzita.

Egutegia eta arauak

Partidak astelehen eta asteazkenetan izango dira maiatzean, 18:30ean hasita, eta ekain erditik aurrera, baita larunbatetan ere, 18:00etan hasita.

Arauei dagokienez, kanporaketa bidezko txapelketa izango da, eta partida jokatu behar duen bikoteak azken orduko bajaren bat izango balu, klubak berak bilatu beharko du ordezkoa (edo ordezkoak, bi pilotariak baldin badira baja). Bestela, bikote hori txapelketatik kanporatuta geldituko da. Jakinarazi dute ondoren bikote titularrak ala ordezkoak jarraitu ahalko lukeela txapelketan.