Getariako sortzaile berriek jaso dituzte literatur lehiaketako sariak

Aritz Mutiozabal 2024ko api. 27a, 10:45

114 lan aurkeztu dituzte aurten Getariako 23. Literatur Lehiaketara, eta atzo arratsaldean egin zuten sari banaketa ekitaldia udaletxeko batzar aretoan.

Getariako udalbatzar aretoa lepo bete zen atzo arratsaldean 23. Literatur Lehiaketaren sari banaketa ekitaldia bertatik bertara jarraitzeko. Euskara eta literatur zaletasuna herrian sustatzeko helburua duen egitasmoak, beste urte batez, sormen handiko proposamenak izan ditu fruitu. Guztira, 114 lan aurkeztu dituzte aurtengo ediziora, eta epaimahaiak guztiak aztertu ondoren, mailaz maila eta sailez sail behin betiko erabakia hartu du. Atzokoa lanik aipagarrienak aitortzeko eguna izan zen, eta sariak jasotzekoa.

Ondorengo kideek osatu dute aurten epaimahaia: Iturzaeta Herri Eskolako zuzendari Nagore Etxabe, Artzape Euskara Elkarteko kide Iure Eizagirre eta literaturazalea eta Katukale irakurle taldeko kide Mikel Gartziarena. Idazkari lanetan, berriz, Getariako Udaleko kultur teknikari Erun Ortiz aritu da. Hain justu ere, Erun Ortizek aurkeztu zuen ekitaldia, eta epaimahaikideek eman zituzten sariak, Haritz Alberdi alkatearekin eta Ekaitz Esteban Euskara zinegotziarekin batera.

Han izan ziren saritu guztiak poz-pozik, baina era berean, urduritasun puntu batekin. Udalbatzarreko mahaia dagoen oholtzatxora igo, eta herritarren aurrean jartzeak ematen duen lotsa txiki horrekin. Helduen mailan, bertsoen kategorian garaile izan den Amets Aizpurua izan zen kale egin zuen bakarra, baina bazuen pisuzko motiborik: Gipuzkoako Bertso Txapelketako kanporaketa zuen jokoan. Bestalde, amaierako sarituen familia argazkiaren aurretik, izan zen une hunkigarririk, izan ere, 12-14 urtekoetan bertsorik onenaren saria jaso zuen Oinatz Aranburuz buruz bota zituen bere bertsoak.

2024KO SARITUAK

LH3
Ipuina
Lan saritua: Bidaia barkoan, Manex Azkue Tirados
Aipamen berezia: Umeak ez zekien bere izena, Lur Mandiola Ucin

LH4
Ipuina
Lan saritua: Inurriak, Oihan Iriarte Nuñez
Aipamen bereziak: Xaboi magikoa, Haize Subijana Elola / Sararen zaldia, Maddi Iribar Abruza

LH5
Ipuina
Lan saritua: Non gaude?, Sara Ostolaza Iribar
Aipamen berezia: Peruren istorioa, Unai Aranguren

LH6
Ipuina
Lan saritua: Mahasti anderea, Malen Esteban Lazkano
Aipamen bereziak: Irlandako fantasia, Illari Alberdi / Itsas natura, Oihan Agirrezabalaga Iturbe

12-14 urte
Olerki-Bertsoa
Lan saritua: Baserrien egoera, Oinatz Aranburu Arrizabalo

12-14 urte
Ipuina
Lan saritua: Planeta berria, Lur Elorrieta Alberdi
Aipamen berezia: Desberdin, Araitz Muñoa Arenas

Helduak
Ipuina
Lan saritua: Hiretzat, Itzi!, Maialen Urbieta Agirrezabalaga
Olerki-Bertsoa
Lan saritua: Tren galduak, Amets Aizpurua Manzisidor