Ospakizun handiz beteriko Arrantzale Eguna

Julene Sorarrain 2024ko mai. 5a, 17:04

Arrantzaleen meza eta itsas bedeinkapenarekin hasi dute eguna. Bitartean, portuan, Gipuzkoako arraunlariek Trainerillen Ligako 3. jardunaldia burutu dute. Arratsaldean, Urrezko Aizkora txapelketa egingo dute frontoian, Deiadar txarangak kaleak girotzen dituelarik.

Antxoaren Eguna ospakizunarekin jarraituz, egun borobila ospatu dute getariarrek gaurkoan. Arrantzale Eguna hainbat ekitaldiz osatutakoa izan da. Goizeko 10:00tan ekion diote Getariako abesbatzak eskainitako eta Jesus Aldalurrek zuzendutako Arrantzaleen mezari, Salbatore Deunaren Elizan. Meza amaitu ondoren, elizatik Katrapona plazara abiatu dira Amabirjinaren irudiarekin, itsas bedeinkapena egitera. Bertan, itsasoko arrantzale erretiratuei omenaldia egin zaie. Hainbat herritar gerturatu dira, Getariako abesbatzarekin batera, kopla batzuk abestera.

Bitartean, hasiera eman diote Gipuzkoako Trainerillen Ligako 3. jardunaldiari. Goizean goiz hasi dira arraunlariak bertaratzen, hainbat koloretako trainerillekin portua girotuz. Kadeteak itsasoratu dira lehendabizi, portuko itsasontzi handien albotik igaro ondoren. Hauen jarraian, jubenilen txanda izan da. Eta amaitzeko, emakumezko eta gizonezko absolutuak aritu dira, baita Gipuzkoako Federazio Kopako aurranlariak ere. Jarraitzaileak, familiartekoak eta lagunak petriletik egon dira jardunaldia jarraitzen.

Mater ontzi museoa, egurrez eraikitako azken euskal atunontzi handia bisitatzeko aukera ere izan dute portura gerturatu direnek, eta 12:30etik 14:00tara antxoaren artisau-kontserba tailerrak burutu dituzte itsasontzian bertan.

Arratsaldean, 18:30etik aurrera, Urrezko Aizkora txapelketa egingo dute Elkano Frontoian, eta bitartean Deiadar txaranga kaleak girotzen arituko da.

Datorren igandean, maiatzaren 12an, udal musika bandaren kontzertua egingo dute 12:30ean, Salbatore Deunaren elizan. Ekitaldi honen bitartez emango zaio amaiera Antxoaren Egunari.