Puntuka

Hauteskundeen ajeaz

Erabiltzailearen aurpegia Eider Agirre 2023ko eka. 8a, 08:30
Herritar bat, botoa ematen. (Hitza)

Eider Agirrek Puntuka atalean idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Maiatzaren 28ko udal eta foru hauteskundeak pasatu dira, eta emaitzek sortu duten zeresana agerikoa da. Emaitza argiak izan dira: EAJ galtzaile, EH Bildu EAJren gainbeheraren aurrean garaile eta abstentzioa goraka eta goraka. Horraino, komunikabideetan ikusi dudanez, gehientsuenok ados. Baina zer panoramarekin geratu gara? Nola uler ditzakegu emaitza horiek?

Garbi geratu da EAJri krisiaren kudeaketak min handia egin diola. Orain arte hura izan da klase ertainaren egonkortasunaren eta ongizatearen berme bezala irmo sustraiturik zegoen alderdia. EAJ maisu handia izan da Euskal Herri industrializatu indartsu baten bitartez ongizate estatuaren gutxieneko ezaugarriei eusten, edo, behintzat, hori irudikatzen. Krisiak, ordea, beren poltsikoei aparte, ez dio inori arnasik eman, eta azken hamarkadetan EAJk zerbitzu publikoen desegiteari ekin dio gogor. Ikusi besterik ez dago gaur egun dugun sistema publiko negargarria eta EAJrekin zuzenean lotuta dauden enpresa pribatuen presentzia zerbitzu publiko horien pribatizazioan (adibidez, erresidentzia edo etxez etxeko zerbitzuetan). 2008an hasi zen krisiaren kudeaketak, oraingoan bai, EAJri ondorio latzak eragin dizkio.

Horren aurrean, EH Bildu agertu zaigu gizartearen pobretzearen aurrean, hau da, klase ertainaren desegitearen aurrean, aurretik zeuden ongizate kuotak mantentzeko eta egonkortasun nahiaren ordezkari. Gaur-gaurkoz, EH Bilduk Euskal Herriko gizartearen diskurtsoa hartu eta alderdi pragmatiko bat bezala aurkezten du bere burua, EAJri kudeatzaile onaren papera lehiatzeraino: arlo sozialean ezkertiarragoa nolabait baina kontserbadorea politikoki, hamarkada oparoetako bizi eredua kontserbatzea baita bere programaren fundamentua. EH Bilduk dena jokatu du elektoralismoaren erruletara, eta ezin dio begirik kendu Kataluniari, non beren homologoa den ERCren haustura estrategiak galbidera eraman duen. Hori badaki EH Bilduk: bere parrokia aztoratu gabe, baina pixkanaka, geroz eta posizio moderatuagoak hartzen dihardu, noraino eta independentzia bezalako aldarri historikoak atzean lagatzeraino, adibidez.

Orain arte esandakoa lurrartzearren, Urola Kostara begiratuko dut: EH Bilduk 600 boz galdu ditu; EAJk, berriz, 3.300dik gora; PSE-EE eta Elkarrekin Podemos praktikoki desagertu egin dira, Azkoitia Bai Elkarrekin filial inkognito lokalistarengatik ez balitz. Abstentziora 2019an baino 4.500 pertsona gehiagok jo dute. Instituzioen kudeaketak edonor higatzen du, baita EH Bildu ere: 750 boz galdu ditu Azpeitian, azken agintaldiarekin alderatuz. Argi ikusten da hartu dituzten erabakiek –eolikoen auzian, esaterako– min handia egin dietela. Badirudi zenbait sektore ezkertiarrek ‘txarretan onenaren’ eskema alde batera utzi dutela.

Agian norbaitek pentsatuko du alderdi aurrerakoiek hedabideen koberturapean egin dituzten lege aldaketekin eta politikekin errealitatea estal daitekeela, baina ez da hala, errealitateak gogor jotzen baikaitu egunero: etxegabetzeak ez dira gelditu, gaztea ezin emantzipaturik, erosketak egitea geroz eta garestiago, mozal legea aplikatzen jarraitzen da (orain bertsio koloretsuan), ingurugiroaren suntsiketa azkartuz doa... Horren ordainetan, kaleetan politika instituziolarekiko desilusioa ikusten da. Klase ertainaren deskonposizioak eta ondoriozko ustezko sozialdemokraziarekiko haserreak, ordea, bi bide, behintzat, hartu ditzake: iraultzarako grina edo iraganeko pribiligioei eustearen fantasia. Espainiako Estatuan ikusi dugun bezala, eskuinak orokorrean, horren zati bat behintzat mobilizatzeko gaitasuna erakutsi du, zehazki Ayuso eta Vox izanik etekin gehien atera dituztenak. Horren gakoa sektore horietatik sortzen ari den itxurazko diskurtso, batetik, liberal, eta bestetik, konfrontatibo eta subertsiboan ikusten dut, zeinak jada guztiz akritikoki pentsatzen duen zentzu komun kapitalista, indibidualista eta lehiakorra harrotu eta azaleratzen ari den.