Puntuka

Eraiki nahi duguna

Erabiltzailearen aurpegia Eider Agirre 2023ko ira. 21a, 09:46
Hainbat pertsona lanean, Azpeitiko Esklabak Zentro Sozialistan. (Gedar)

Eider Agirrek Puntuka atalean idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Zer egiten du hainbeste jendek hor kanpoan?». Askotan galdetu dizkidate lagunek, ingurukoek, Esklabei buruz halako galdera inkomodoak; zergatik hainbeste auto, zergatik hainbeste ezezagun. Beste zenbaitekin, berriz, gaia ukitzera ere justu-justu iritsi naiz, baina badirudi denborak urak lasaitu dituela.

Izan ere, halako batean iritsi gara gaia normalizatzera, ez gara orduko lau zoro. Tartean denetarik jasan behar izan dugu: sarraila aldaketak, gezurrak eta difamazioak, edonolako erasoak. Atzo balitz bezala gogoratzen ditut orain bost urteko uneak: hasieran alokairu sozialen okupak omen ginen, gero espainolistak, matxistak… Milaka izan dira gu isiltzeko, infantilizatzeko edo gure jarduna difamatzeko saiakerak, baina iragarpen guztien kontra, hemen gaude bost urteren ondoren.

Bide hori, borroka hori, nazio mailan hezurmamitzen ari zen mugimendu politiko baten isla izan da. Hasieran isilarazi eta mehatxatu egin nahi izan gintuzten, gure existentzia ukatuz; ondoren, gure inguruko gezur eta manipulazio ugari zabaldu zituzten, baina eraso horien guztien aurrean, eta korronte guztien aurka, tinko mantendu gara, Euskal Herriko beste hainbat tokitan bezalaxe. Eta hasiera batean inor gutxi baginen ere, lan militantez eta herriko hainbat arazori erantzuna eman nahian sare militante geroz eta handiagoa osatu dugu, etsaiak gure existentzia onartu behar izan arte.

Sartu ginenetik bestelako gizarte eredu bat eraikitzera bidean, Esklabek ezinbesteko garrantzia hartu dute gure bizitzetan. Bertan egin ditugu milaka auzolan saio, milaka hitzaldi, milaka ekimen ezberdin. Eraikinari bizitza eman diogu, eraikinak guri eman digun bezalaxe. Ukaezina da bertatik pasatu diren Euskal Herriko ehunka militante sozialistarentzat ezinbesteko aterpe izan direla Esklabak. Azken bost urteetan lehen lerrora pasatu diren eragile politiko sozialisten sorleku eta hausnarleku izan da. Eskualdeko herritar xumeenen autodefentsarako tresna ere izan da: bertatik jaso baitituzte hainbat oinarrizko elikagai eta produktu, hainbat lan aholkularitza zerbitzu, autodefentsa sozialista antolatzeko hainbat eta hainbat tresna.

Guzti-guztia lan militantearen emaitza da, gainera. Beste batzuek diruz eta bulegoetako besaulkietatik egiten dutena borondatez eta diziplinaz egin dugu guk; eskuz esku eta zatiz zati. Independentzia politikoa deitzen diogu gure hizkeran, politika instituzionaletik harago, bestelako gizarte bat eraikitzera bidean doan proiektu baten ezinbesteko elementua.

Agian, batzuetan, ulertzea ere kostatu egiten diren hitz potoloak dirudite horrelakoek, baina gure asmoa berekoikeriak alde batera utzi eta guztion ongizatea bilatuko duen proiektu politiko bat egikaritzea da. Bide horretan jardun gara eraikin hau okupatu genuenetik, duela bost urtetik, gutxienez. Borroka horretan erakutsi dugu oztopo guztien gainetik proiektu honekiko daukagun konpromisoa eta determinazioa, mundu zahar hau kontra izan arren.

Oraindik ere bide luzea daukagu aurretik, baina bost urte betetzearekin batera, atzera begirada bat bota eta emandako aurrerapausoei balioa emateko abagune egokia iruditu zait gaurkoa. Larunbatekoa orain arte egindakoagatik topa egiteko eta antolatutako egitarau zabalean parte hartzeko nahiz ondo pasatzeko eguna ere izango da.