Puntuka

Uste ez bezala atera zaio kontua

Erabiltzailearen aurpegia Intza Trula 2023ko ots. 23a, 10:40
Dani Alves futbol jokalaria.

Intza Trulak Urola Kostako HITZAren Puntuka atalean idatzitako artikulua da honako hau.

Azken asteetan pil-pilean dabilen albistea da Dani Alves Bartzelonako jokalari ohiari emakume bat bortxatu izana leporatu diotela. Bartzelonako diskoteka batean gertatu zen guztia, eta futbolaria espetxean da gaurko egunez.

Ordea, ni ez naiz gau hartan gertatutakoaz arituko, hori zehatz-mehatz azaltzeaz arduratu baitira beste hainbat aldizkari eta albistegi. Ustezko errudunaren ahalmenaz eta posizioaz hitz egin nahiko nuke, sexu eraso hura lasaitasun osoz egitera bultzatu zuenaz. Diskoteka batean, bertan biltzen den jende guztiarekin, inongo beldurrik gabe. Inork ezer esango zuenaren izuaren arrastorik ere ez.

Gertatutakoa kontatuz gero, ez zuela inork sinetsiko; hala sinetsarazi nahi izan zion erasotuari. Ez da horrela izan, ostera. Emakumearenganako zuen ustezko botere posizioan gehiegi sinesten zuen, agian. Milioiak irabazi ditu urte hauetan zehar jokalariak, eta horrek erasotuaren isiltasuna erosiko zuelakoan zegoen, beharbada. Ez da horrela izan, ezta gutxiago ere. Izan ere, diru kopuru handi batekin biktimaren isiltasuna erosten saiatu da akusatua; dena ahazteko eta aurrera jarraitzeko asmoa zuen hark. Biktimak entzungor egin dio jokabide horri, justizia egitea baita bere nahia, eta ez gertatutakoaren harira diru kopuru bat lortzea.

Haatik, zoritxarrez, aipatutakoa ez da kasu bakartua. Zoritxarrez, ez da ogibide horretan horrelako zerbait gertatzen den lehen aldia. Orain, burura datorkit, adibidez, Eibar futbol taldeko bi jokalari hainbat irudi intimo zabaltzeagatik epaitu zituztela 2016an. Edo Arandina taldeko hiru jokalarik 2020. urtean, ustez, taldean adin txikiko bat bortxatu zutela. Eta nahi izanez gero, kasu gehiago aipatzen segi nezake, zerrenda ez baita hor amaitzen.

Hori gutxi ez, eta kasu gehienetan klubak ez du gertatutakoaren inguruko adierazpenik egiten, albisteak eurekin zerikusirik izango ez balu bezala. Taldearen eta klubaren irudia ez lohitzea da haien egonezin bakarra. Klubaren izenean minutu pare bateko prentsaurrekoa ematera atera direnak ikusi ditugu noiz edo noiz, ezer askorik esan gabe. Ea euren lagun izan dutenaren (edo denaren) izena zikinduko duten. Hortik at, isiltasuna eta beste aldera begiratzeko erraztasuna gailentzen direla esango nuke.

Gizartearen aldetik ere izan dira iritziak. Biktimaren testigantza zalantzan jartzen ez dutenak badauden arren, kontrako adierazpenak ere entzun ditut. Maila horretako jokalari batek ez duela horrelakorik egiteko beharrik diote batzuek, erasotuaren hitza guztiz baliogabe utziz. Itsu-itsuan txikitatik miretsi duten pertsona ez dela horrelakorik egiteko gai, hori pentsatzen jarraitu nahi dute beste batzuek.

Jainkotzat al ditugu futbol zelaian dabiltzan horiek? Hori izango ote da, agian, arazoa? Ogibide horrek ahalmen handia du gizartean, eta zer esanik ez, mundu horretan murgilduta dauden guztiek ere bai. Justiziak du azken hitza eta jokalariaren etorkizuna erabakitzeko ahalmena. Batzuetan iruditzen zait kirolari horiek, direna izateagatik, bekatu guztietatik libre daudela. Baina, agian, oraingoan uste ez bezala atera zaio kontua.