PUNTUKA

"'Influencer'-a izan nahi dut"

Erabiltzailearen aurpegia Intza Trula 2023ko uzt. 27a, 09:50
Sare sozialen hainbat ikur. (Pixabay)

Intza Trulak Urola Kostako Hitza egunkariko Puntuka atalean idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

"Egin goi mailako influencer ikasketak". "Nola izan influencer-a: jakin beharreko guztia". "Influencer-a izateko graduondokoa". Asmatutakoak dirudite, eta nik ere ulertuko nuke adarra jotzen ari naizela pentsatuko bazenu, baina azkenaldian Interneten irakurri ditudan albisteetako eta informazioetako titularrak dira oraintxe aipatutakoak. Errealitatea honakoa da; gaur egungo haurrek influencer edota ‘sortzaile digital’ (termino hau azken aldian modan jarri da) izan nahi dute; ez idazle, ez kirolari eta ezta aktore ere.

Arestian pentsaezina zen Youtubera bideo bat igota, Instagramen argazki bat publikatuta edo Tik Tok-en ezaguna egin den dantza bat kopiatuta dirua irabaztea. Are gehiago, grazia ematen zigun hori lanbidetzat hartu zitekeela pentsatze hutsak. Baina, egun, hori horrela da, eta neronek ere zalantzak ditudan arren, influencer edota sortzaile digitala izatea lanbide bat da.

Sakelako telefonoari itsasita pasatzen ditugu orduak eta orduak, benetan ezagutzen ez ditugun pertsona batzuen bizitzei begira. Eta oraindik gehienoi arraroa egiten bazaigu ere, sare sozialetan euren egunerokoa erakusten diguten horiek dira momentu honetan pertsonaiarik miretsienak, eta etxeko txikienen gustukoenak. Telebista piztu beharrik ez dago kirolariak edota abeslariak ere bigarren plano batera pasatu direla ohartzeko.

Halaber, hiru gaztetatik batek influencer-a izan nahi du, eta ez nau batere harritzen. Hara bestea! Nik ere erabiltzen ditut sare sozialak, eta niri ere gustatuko litzaidake egunero 10:00etan esnatu eta pilates egitera joatea, ondoren lagunekin hain ezaguna egin den brunch-a egitera joatea (hau da, berandu gosaltzea), eta arratsaldean pelikula baten aurrestreinaldira joatea. Eta ez naiz euren bizitza edota lanbidea epaitzen ari, baina euren profilen bitartez zabaltzen duten ehuneko handi bat hori da.

Ez naiz mundu horretan ezagutzen den hater horietako baten modura jarriko, baina… Sortzaile digitalak elkarrizketatzen dituzten irratsaio bat entzuten ari nintzen aurreko egunean, eta, kazetariak Instagrameko publizitate batengatik ordaindu dioten kopururik handiena zein zen galdetu zion 19 urteko neskari. Haren erantzuna laburra eta zehatza izan zen: "35.000 euro". Bai, 35.000. Beraz… ezin gara harritu seme-alabek etorkizunari begira dituzten nahiak azaltzen dizkigutenean.

Eta ez da pertsonaia horien soldata neurrigabea nerabeen interesa pizten duen gauza bakarra. Mundu birtual horretan, halaber, ez dago egun txarren arrastorik. Dena da koloretsua, eta nolabait esateko, erraza; arazoek eta kezkek ez daukate lekurik. Egia esan, ni ez naiz bizitza horrekin askorik identifikatzen, baina 14 urteko nerabe batentzat zoragarria izan daitekeela ulertzera hel naiteke.

Horrenbestez, eta hori aztertuta, nire ondorioa honakoa da: nerabeek ez dituzte influencer izateko ikasketak egin nahi, eta batzuk, gainera, ez dute mundu hori inguratzen duena ezagutu ere egin nahi. Baina luxuak, erosotasunak eta famak euren arreta pizten du, harrapatu egiten ditu, eta lehen esan bezala, sortzaile digitalek erakusten diguten ‘errealitate’ hori ikusita, ezin diegu errurik bota.