PUNTUKA

Nahia ala onarpena?

Erabiltzailearen aurpegia Intza Trula 2023ko ira. 14a, 09:57
Ebakuntza baten irudia. (Pixabay)

Intza Trulak Urola Kostako Hitza egunkariko Puntuka atalean idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Sarean denetik topa dezakegu, era guztietako publizitateak agertzen zaizkigu une oro, aplikazio batean edo bestean gaudela ere. Inon klik egin beharrik ez dago milaka enpresaren produktuak ezagutzeko –kontsumitzaileok zer edo zer erostea ere lortzen dute noizbehinka–, askotan irakurtzen ari garen artikuluaren alboan edo goiko barran ateratzen baitzaizkigu, kolore eta soinu deigarriekin. Kosta egiten da batzuetan horrelakoei jaramonik ez egitea.

Badira arropa dendak sustatzea helburu duten publizitateak, aspalditik garajean abandonatuta duzun autoa erosi eta saltzeaz arduratuko direla hitzematen dizutenak, baita animalien ile apaindegiak ezagutzera ematea helburu duten iragarkiak ere. Ez dut ezer aipatutako iragarkien aurka, ezta aipatu gabe utzi ditudan beste mila publizitateren aurka ere; nire zalantzak ditut, ordea, ebakuntza estetikoen ingurukoekin.

Bada, azken urteotan nabarmen egin dute gora ebakuntza estetikoek, eta ingurura begiratuta, horiek gauzatzen dituztenen adin tartea jaitsi dela ere esango nuke, inongo zalantzarik gabe. Sare sozialak kontsumitzen ditugunok egunero eta etengabean ikusten ditugu bularrak tenteago jarri dituzten emakume gazteen testigantzak, sudurra findu eta altxatu dutenenak, edota sabelean ‘soberan’ zutena kendu dutenenak.

"Zure ametsetako bularrak lortzeko aukera izango duzu hilabete honetan, %20ko beherapenarekin", ebakuntza estetiko batek bizitza konponduko balu bezala, horrelaxe saltzen digute, eta horrelaxe erosten dugu guk. Denok aurpegi bera izan behar dugu; sudur bera, ezpain berak, bular berak, gerrialde bera eta hanka berak. Ebakuntza estetikoekin gizarteak eratutako eredu zehatz baten bila gabiltza etengabean, kosta ahala kosta. Ezarritako arau eta irudi horretatik ihes egiten duten emakumeek ez dute lekurik hemen, hori da behintzat gehienetan nire sentipena. 

Sare sozialetara itzuliz, beste gauza batzuetan ez dakit, baina, influencer-ek ebakuntzen munduan eragin, eragin dute, bai noski. Batzuetan pentsatzen dut milaka –milioika kasu batzuetan– jarraitzaile dituzten Interneteko izar horiei pantailaren atzean dagoen ehuneko handi bat oso eraginbera dela ahaztu ote zaien. Adingabeak gehienetan, edota, besterik gabe, euren gorputzekin gustura ez dauden eta une oro gainontzekoekin konparatzen ari diren gaztetxoak. Nerabeei izan ditzaketen segurtasun eza eta konplexuak ebakuntza estetikoekin uxatuko ditugula saltzeak izan ditzakeen ondorioak kontutan hartzeaz ahaztu garela esango nuke.

Norbera erabat libre da bere gorputzarekin zer egin erabakitzeko, edozer kendu, bestea jarri eta aldatzeko, zentzu literalenean behintzat, ez baitigu inork pistolarik buruan jartzen horrelako zerbait egin dezagun. Baina emakume perfektuaren irudia hain errotuta dugun gizarte honetan, ez dakit zein puntura arte egiten ditugun gaur egun aipatutako aldaketa horiek. Ebakuntza bat egitea edo aurpegian batek daki zein betegarri ziztatzea ez da inolako tontakeria, eta zalantza daukat ez ote dagoen norbere irudia dezente gorrotatu beharrik gorputzari horrelakorik egitea erabakitzeko. Ondo dagoena zer den zehatz mehatz azaltzen digute eta onargarria denetik aldentzen dena ‘zuzentzeko’ baliabideak ematen dizkigute. Horrela, gure gorputza gaizki dagoela barneratutakoan, ez daukagun dirua behar ez ditugun ‘konponketak’ egiten xahutuko dugu, eta gainera, inork behartu gabeko erabakia dela sinistuta.