PUNTUKA

Ardo orbanak ozpinarekin

Erabiltzailearen aurpegia Julen Otaegi Leonet 2023ko urr. 12a, 12:30
'Estetikarako sarrera' liburua eta haren barruko markagailua. (Julen Otaegi Leonet)

Julen Otaegi Leonetek Urola Kostako Hitza egunkariko Puntuka atalean idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Hegelek bi aste igaro ditu nire eskuinerantz begira. Elkar ezagutu genuen Donostiako bigarren eskuko denda batean: harena baino liburu bizkar askoz seduktoreagoak egon baziren ere, azalkeriak albora utzi behar izan nituen, zer, eta topo egiteko filosofoaren aurpegiarekin liburua apaletik hartzean. Buelta eman nion behintzat sinopsia irakurtzeko, baita ireki ere gainbegiratua emateko. Estetika, ederra denaren zientzia, artearen funtzioa eta ez dakit zer –egun hartan ez nuen behar aitzakia askorik dendatik irteteko guztiz arrotza zaidan gai bati buruzko liburu bat eskuetan nuela–.

Bai, hutsaren hurrengoa dakit Hegelek dioenaz. Orrialde zuri baten antzera. Horixkak ditu bederen Estetikarako sarrera liburuak. Eta, horien artean, kolore berdineko orri markagailu bat topatu nuen, marrazki batekin: andre bat mahats biltzen ageri da, eta gizon bat zukua ateratzen ari da, fruta zapalduz. Badio zerbait atzeko aldean: "Erne. Konpondu egin nahi genuke zuetako batzuekin izan dugun akats txiki bat". Gehiago esan dit paperezko zati horrek liburuaren ehun orrialdek baino. Ea amaieran deus ex machina batek Hegelen hitzak ulertarazten dizkidan; zalantza dut horrekin.

Inoxenteegia naiz pentsatzeko inoren asmoa badenik inoiz okerren bat egitea, kontuan izan gabe asmo onak ala txarrak dituen; noren begiak, haren iritziak. Esatea erraza da, eta zaila, egitea. Porrot egiten da zenbaitetan, ezinbestean. Eta, zenbaitetan, beranduegi izaten omen da ardo orbana garbitzeko: "Egiaztatu dugu probintzia batzuetan, uztailetik irailera bitartean, gure Canto Blanco ardo zuriaren kutxa batzuk banatu direla aurkezpen inperfektuarekin. Botila batzuen iragazketa akastuna izan zen, eta solidoak zeuden". Ez dago modurik jakiteko noizkoa den markagailua: urrikoa, akatsaz lehenbailehen ohartu zirenekoa; azarokoa, nahikoa kexa pilatu ostekoa; abendukoa, non bezeroak ere jada ez ziren gogoratzen...

Hau, hura edo hori izan, upeltegikoek egin zuten ahala bezeroei irtenbiderik emateko. "Zoritxarreko horietako bat bazina eta oraindik botila bat edo batzuk badituzu […], jakinaraz iezaguzu eta aldatuko dizkizugu hurrengo banaketa batean". Eskerrak ardo zuria zen, eta ez beltza –hala balitz, ez nuen hainbesteko enpatia izango bezero horiengan–. Gehiago zikintzen duelako ere bai. Espero dut aholku hau behar ez izatea: ardo orbanak ozpinarekin garbitzen dira.

Ozpina bada ardoaren parte, soluzioa bada arazoaren parte. Lehenengoan: mahats zukua legamiarekin hartzitzen da alkohol bihurtzeko; gero, alkohol hori bakterio batekin hartzitzen da ozpin bihurtzeko. Bigarrengoan, gurutzatu behatzak hurrenkera halako erraza izan dadin, edo arazoak soluzio bakar bat ere izan dezan.

Hori jakiteak lagundu beharko du nolabait. Baina bata da zerbait egin ahal izatea, eta bestea nahi izatea. Mereziko ote du upelak irekitzen hastea, jada denbora luzea igaro baldin bada? Edo mereziko du Schroedingerren ardoa egitea, non ez dakizun barrukoa ardoa edo ozpina den? "Zuretzat onena bilatzen jarraituko dugu", dio orri markagailuak. Enpatia pixka bat duenak bestearen azalean jarri eta erabaki dezala. Adi, besteari bezainbeste norberari ere zor diogulako zerbait aldatzeko ahalegina. Egin duzunaz damu izan edo ez izan, hor egongo da koska.

Zerbaitez damutzekotan, apurtxo bat Hegelen liburua erosi izanaz. Eskertzeko kontuak ere baditut: haren defentsan, badituelako arkatzez azpimarratuta utzi ditudan hainbat pasarte eta ideia. Bat aipatzekotan, produkzio artistikoari buruz ari denean zerk inspira dezakeen sortzailea: "Jenioa bere borondatearen bidez edo kanpoko edozein eraginen bidez sar daiteke egoera horretan (helburu horri xanpain botila batek ematen dituen zerbitzu onak aipatzen dira)". Filosofoari ezin zaio leporatu inspirazio eza izanda kopa batek ezin duenik apurtxo bat lagundu. 

Eskerrak baita aurreko jabeari ere, nola ez; upeltegiari ere bai ardoarekin akats hori izateagatik –hura gabe, ez markatzaile, ez ezer–. Eta eskerrak Estetikarako sarrera sarrera bat besterik ez den, ez dut jakin nahi bertan idatzitakoak eta gero zer gehiago idatzi zuen. Hala eta guztiz ere, goizegi da esateko akatsa izan denik; agian, denbora gehiago behar dut esaten dituenak zinez ulertzeko. Eta liburua amaitzea –seguru nago horrek ere lagunduko duela–.

Liburuak ez du hitzaurrerik, ezta hitzatzerik ere. Azken orrialdera heldu eta oraindik ere tutik ulertzen ez badut estetikari buruz, izango dut ikasi dudan zerbait, nahiz eta irakaspena orri markatzailearena izan: "Kaltetuek barkamena eskatzen jakingo dutelakoan, agur bero bat".