Puntuka

'Hango kobazuloa'

Erabiltzailearen aurpegia Julen Otaegi Leonet 2023ko aza. 9a, 08:45
Beizamako Belaku kobazuloaren barnealdeko irudi bat. (Julen Otaegi Leonet)

Julen Otaegi Leonetek UROLA KOSTAKO HITZA egunkariko Puntuka atalean idatzitako artikulua da honako hau.

Dagoeneko preskribatuko zukeen herriko Natur Eskolan egin nuen lapurretak. Beizamako mapa mordoxka bat zegoen beheko gelatxoko armairuan, eta bat hartu nuen etxerako, urte dezente zeramatzaten-eta bertan. Herri mugen arteko ia guztia dago markatuta: mendiak, megalitoak, errekak, iturriak, ermitak, errotak, baserriak... Eta ia guztia diot, faltan direlako Beizamako haitzuloak.

Batera eta bakarrera joan naiz –hitz hauek idatzi aurretik jakin dut badirela beste hiru, gutxienez: Erretxortakoa Amenabar Aldean, eta Zaletxepekoa eta Aiertzakoa Azpeitirako errepideko barrankotik behera, Elustondoko bidegurutzera heldu aurretik–. Halere, bat eta bakar hori hango kobazuloa izan da urte luzez; niretzat ez du izan izenik. Gogoan dut Urdanpilletatik hara abiatu ginenekoa. Bi bizilagun, Azpeitiko lagun bat eta laurok gindoazen: Santa Agedako bidegurutzetik behera bidetxur batetik goranzko bidea hartu genuen. Egun horretara arte ez nuen inoiz adituta inguruan bazenik leitzerik. Marirena kenduta; Beizamatik kanpo geratzen da, Murumendiren magalean –hemen aitortu beharra dut Illaun edo Garrintza baino Murumendi dudala tontorrik kuttunena–.

Heldu ginen, bada, haitzulo aldera. Mapan ez da agertzen, baina tankera hartu diot non den han: Olanoegi mendia parean dago; atzean, Urdanpilleta auzoa; gorago, Illaun. Adarren zirrikituen artetik ere ikusten da San Pedro eliza. 

Gutxienez duela hamar urteko kontua da mendi buelta hura, eta horretaz gogoratu naizen aldiro, okila beti izan dut kokotean hara itzultzeko xuxurlatuz. Utzikeriagatik edo, urte hasieran itzuli nintzen kobazulora. Aspaldiko bide hura hartu baino nahiago izan nuen mendi buelta apur bat konplikatu. Santa Agedatik gora abiatu nintzen, eta Illaun aldera gehiegi gerturatu baino lehen, iritzi nion aldaparen bat igotzen hasi beharko nintzela –erabaki kaskarra izan zen, sastrakak eta itxiturak besterik ez bainituen topatu. Praka motxetan nindoan. Lortu nuen handik ateratzea, zauriren batekin ziur asko. Ez gehiago alde horretatik!–.

Hartu nion tankera geratzen zitzaidan bideari, eta heldu nintzen gain batera. Hortik behera segituan dago koba. Eta, nola ez, nahiko malkartsua da aldapa. Joan ginen azken aldian bazen soka bat aldapan behera joaten laguntzeko, eta hari tiraka, igotzeko. Sokaren arrastorik ez urte hasieran, ordea. Lurra hezea zegoen; hostoak, irristakor; eta Salomonak, zahar xamarrak. Bai, irrist egin nuen aldapa jaisten ari nintzela. Eta, hantxe, bueltan, hamar urteren ondoren.

Bi gelek osatzen dute kobazuloa. Zabal samarra da lehenbizikoa, zutik erraz ibiltzeko modukoa. Ezkerrean da bigarren gela; pasadizo estu samar bat igaro behar da bertara heltzeko. Txikitan pentsatu gabe sartu nintzen barren-barrenean  –poltsikoan neraman deesea urratu egin nuen arrokaren kontra; hori ez dut inoiz ahaztuko–. Urte hasieran ez nintzen ezta atrebitu ere egin bigarren gelan sartzen. Bakarrik nindoan, iluntzen hasi zuen, sakelako telefonoko linterna besterik ez nuen… Bertan harrapatuta geratzeko ere!

Aranzadiko Jesus Elosegi Irazustak ateratako argazkia, 1949an.

Interneteko Gipuzkoako argazki artxibo batean egin nuen topo koba hori izan zitekeenarekin: "Belasku-ko kueba" zioen izenburuak. 1949ko irailaren 4koa da. Bi mutiko agertzen dira, horietako bat urrutira ikusteko betaurrekoekin, Olanoegirantz begira. Haitzuloaren sarrera ikus daiteke imajinazio pixka batekin; gainontzeko dena hostoak dira. Jesus Elosegi Irazustaren argazkia da, Aranzadi zientzia elkarteko arkeologo, sortzaile eta idazkari nagusi izan zenarena. Espeleologo amorratua ere bazen. Haitzuloaren nondik norakoak jaso zituen: pasabide estu batek banatzen ditu bi gela; halere, zeharkagarria da. Gela sakonenaren iparraldera beste gela bat dago, eta ezin da bertara heldu aurretik bidea ireki gabe. Euria egiten duenean laku bat sortzen da haitzuloan.

"Honexek berak izan beharko du hango koba", pentsatu nuen. Ez zen beste aukerarik nire buruan. Mapa lapurtu bai, baina jaramon gutxi egin diodan seinale. Kobazuloak dagoen mendiaren izen bera du: Belaku. Ez pentsa aurretik banekienik, Beizamako mendien nire hiztegian Garrintza, Illaun, Urraki, Maramendi eta Olanoegi besterik ez dira egon eta. Orain arte.

Herenegun joan nintzen Belakuko kobako argazkia ateratzera. Etxean bueltan, aitarekin hizketan, kontatu zidan bi lagunekin joan zela gaztetan hara. Animaliaren baten hezurrak ikusi omen zituzten bigarren gelan. Eta, mapa alboan nuela, galdetu zidan ea agertzen den Arreta Berri baserritik behera kobazuloren bat: "Aterpe nahiko handia du. Orain, otea besterik ez da egongo; ezinezkoa izango da hara heltzea". Ez nekien bazegoenik ere. Joan beharko naiz bazterrak miatzera.