Puntuka

Odolkiak ordainetan (eta ii)

Erabiltzailearen aurpegia Julen Otaegi Leonet 2024ko ots. 15a, 08:30
Björk 'Family' bideoklipean. (Andrew Thomas Huang)

Julen Otaegi Leonetek Urola Kostako Hitza egunkariko Puntuka atalean idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Mendekua hartzen ez dakienak badu nondik ikasi. Noizbait aipatu dut hileroko lerro hauetan bateren baten soinekoa, ze jantziek badute baitan dagoena azaleratzeko halako ahal bat, batik bat bihotza zartatuta badago agerian izateraino, batik bat ebakia hain bada orbainezin, non min bihurtu den norbera. Agian horrexegatik erabaki zuen Björkek Betadine-pote kolorea izatea Vulnicura (2015) albumeko azalak. Hondo hori-zurixka du eta latex beltzezko jantzia darama abeslariak, bularreko zauria bistan uzten duena. Duela gutxi ohartu naiz eraztun bat duela eskuineko eskuko behatz luzean –badu esangura, Matthew Barneygandik banandu osteko albuma baita–.

Amaieratik beharrean, ordea, hasieratik hasi behar izaten omen da. Homogenic (1997) albumaren azaleko Björk gudariak maitasuna zuen arma bakarra, eta, Alexander McQueenen kimono zuri-urdina soinean, hondamendiaz, eztandez eta eraldatzeko beharraz abestu zuen, barealdia All is Full of Love albumeko azken kantarekin heldu zitzaion arte; Vespertine (2001) albumeko Pagan Poetry bideoklipean McQueenen ezkontza soineko batekin agertu zen, bularrak erakusten, lepotik zintzilik eta azalera josita zituen perlekin, eta maitasuna aitortu zion Barneyri; Medúlla-ko (2004) Who Is It bideoklipean, berriz, diseinatzaile beraren kanpai soinekoa jantzi zuen mendiko botekin, eta dilin-dalanka ageri da Islandiako paisaia bolkanikoan, galdezka: "Who is it? Who is it? /Who is it that never lets you down?".

Tradizio grekoko hiru iruleen artean lehenak bezala, Alexander McQueenek erlazioaren hasiera albaindu zuen hiru soineko horiekin, nahiz eta josten duenaz gain, hariaren luzera deliberatzen eta hori eteten dutenik ere badiren. Vespertine albumeko Cocoon bideoklipean, jantzirik gabe, biluzik, Björk hari horiek menderatzen saiatu zen: bularretatik sortzen zaizkio hari gorriek azala estaltzen diote kusku baten modura, bera eta bikotekidea ohean direneko unea abesten duela: "A train of pearls /Cabin by cabin /Is shot precisely / Across an ocean". Bikotekidearen aurrean erantzi zen, eta horrexegatik beragatik zaindu behar izaten da bai aurre eta bai atze, ezin baita jakin nondik jasoko duzun labankada. Nor ote? Nor ote? Nor ote Björki bularraldea erdibituko ziona? Bikotekideak, bada.

Vulnicura.
Vulnus lat. Zauria
Cura lat. Sendabidea

Norberak bere era du dolua ekartzeko, eta banantze horren kronika idatzi zuen bederatzi abestitan, gainbehera hasi zenetik azken agurrera arte, eta azken agurretik osatzen hasi arte. Une horien artean badago burutik kendu ezin dudan bat, Family bideoklipean irudikatu zuena: Björk zauria josten. Islandiako zelai batean dago, arroka baten gainean etzanda zeruari begira, erdibituta. Besoekin hari berde batzuk mugiarazten ditu bularrera perlak lotuz; itxi da ebakia. Azkenean, hari berde horiek gorputza estaltzen diote, iraganean gorri batzuek egin zuten bezala, eta guztiz sendatuta altxatzen da. Inork oraindik zalantzarik badu bengantza hartzeko nondik jo behar den: dagoeneko egindakoak egin beste behin.

Utopia

Hondamendia izan zen banantzea, eztanda egin zion bihotzak, eta, mendekatu beharrekoak mendekatuta, Björkek eraldatzeko beharra izan zuen beste behin. Vulnicura-ko paisaia idorra gainditu zuen mundu emankor bat irudikatuta Utopia (2017) hurrengo albumean. "Bird species never seen or heard before /The first flute carved from the fauna". Eskuetan du lehen flauta hori albumaren azalean; aurrekoan harizko instrumentuak erabili zituen, eta astunegiak zirela iritzita, airezkoen soinu arinak hautatu zituen utopia eraikitzeko.

Hainbat abestitan zehar maitasuna berraurkitu zuen, The Gate-n, kasu; bularreko zauri orbaindua prisma bihurtu zuen, argia hartzen eta ematen zuena. Haren nondik norakoak azaldu zituen elkarrizketa batean, Björken estilo hain bereizgarrian: "Arca [Vulnicura eta Utopia albumak ekoitzi zituen] eta biok prismei buruz ari ginen mintzatzen, eta zauri honen ostean gertatzen dena zirriborratu nuen. Shock egoeran zaudenean koloretan banatzen zara, prisma baten modura, eta senda zaitzakeen bakarra maitasuna da; [kolore] guztiak batean elkartzen dituzu orduan. […] Arcak abesti bat bidali zidan, […] sinestesia eragiten zuen soinu bat, prisma moduko bat, eta prismei buruzko hitzak idatzi nituen, eta [The Gate abestiaren] bideoa egin genuen prisma baten oinarrituta eta James [T. Merry artistak] maskara bat egin zuen, funtsean prisma bat zena, eta horrek Alessandro Michele [Gucciko sormen zuzendaria] inspiratu zuen [bideorako soinekoa egiteko]. […] Finean, denok elkar inspiratu ginen, baina dena ideia batetik zetorren… prismak bezala".