Puntuka

Balenciagaaaaaa!!!

Erabiltzailearen aurpegia Julen Otaegi Leonet 2024ko mar. 14a, 09:18
"Aro Garaikideko armadura zatiak sortu zituen jantziak apaintzeko". (Utzitakoa)

Julen Otaegi Leonetek Urola Kostako Hitza egunkariko Puntuka atalean idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Sutan erreko ez nautelakoan: azpeitiarra ez denak ezin dituela benetan bizi sansebastianak, eta eskerrak makilari jaio nintzen. Atera nintzen, bai, umemokoa nintzen garaian eskolako zein umeen danborradetan; ezpata eraman nuen, aitortzen dut Zumalakarregi taldeko beroki grisek oraindik txundituta naukatela, baina ez dut mikeletez jantzi izanaren oroitzapenik. Eta kito.

Beizaman jaio arren, halabeharrez ikusi beharrekoa zait urtarrilaren 19ko danborrada, gauerdira arte behintzat. San Sebastian martxa entzun, eta etxera. Aurrekoan Plaza Txikiko Eguzkitzako izkinan geunden megafonoetako musika eta danborren eta txapen burrunba entzuten, eta zer egin hoberik ez nuela, talde bakoitzaren jantziei erreparatu nien: Txalintxoko pilotariak manga hutsean, Alkartasunakoen gona eskoziarrak eta marra zuridun kapela beltzak, Zulozabalekoen beefeater zaintzailearen trajeak, arrantzaleen euritako horiak, sukaldariak nonahi, harribitxiz –gehiegiz– jositako Ilunpe taldearen Zuberoako maskaradetako jantziak, Izarraitzpekoen Urolako treneko langileen traje eleganteak…

Ez dakit azpeitiarrek oso begiko dituzten Loiolatxoko militarren eta zibilen jantziak, badira-eta tolesdura zuri-urdindun eta more-berdedun traje horiek baino itxurosoagoak. Dena den, zur eta lur utzi ninduten militarrek zeramatzaten San Inazioren garaiko zilarrezko morrion kaskoek eta korazek –Loiolako lagun bati galdetu nion non demontre egiten zituzten armadura horiek, jakin beharra dut–. Badute Erdi Aroko kutsu klasikotik, eta badute Balenciaga moda etxearen azken couture collection-eko kutsu garaikidetik.

Duela denboraldi batzuk, 2021eko udazkenekoan, hain zuzen, Balenciagak Afterworld: The Age of Tomorrow bilduma aurkeztu zuen, eta Aro Garaikideko armadura zatiak sortu zituen jantziak apaintzeko; chevalier (zalduna) zeritzen horiei: botak, takoiak, zapatak eta besokoak. "Mailatutako metalezko trajeek etorkizun urrun eta irudika ezina oroitarazten dute duela luze ahaztutako iragana gogora ekarriz", azaldu zuen moda etxeak. Gabardina luzeekin, zulodun bakeroekin, soinekoekin, gona luze zein motzekin, kamisetekin batera jantzita, ehunak eta burdinak bat egin zuten bilduma horretan.

Iazko uztaileko Balenciagaren 52nd Couture Collection-en, berriz, Demna Gvasalia sormen zuzendariak iragan hurbilago bati keinu egin zion lehen soinekoarekin: Getariako diseinatzailearen modelorik kutunenetakoak, Danielle Slavikek, 1966n jantzi zuen perlazko lepokodun eta belusezko lore belzdun soineko baten erreplikak ireki zuen desfilea. Sorbalda puntazorrotzek, V formako eskoteek, Elegante Egunerako modernoegiak diren trajeek, lumaz jositako soinekoek, tafetazkoek, eskuz pintatutako jakek, haizeak daramatzala diruditen gabardinek zein bufandek jarraitu zioten.
Eta desfilea ixteko bi look geratzen zirela, Erdi Arora buelta berriro. 58.a burdinezko kota bat zen, soineko bihurtuta; 59.ak, berriz, muturreraino eraman zuen chevalier kontzeptuaren premisa, iragana eta etorkizuna uztartu baitzituen jantzi bakarrean 3D-n inprimatutako soineko-armadurak. "Elkar gurutzatzen diren garaiak gorpuzten ditu", eta "errealitate berri bat erakutsi". Bikaintasunera heltzeari egindako omenaldia zen goi joskintzako bilduma hura. "Perfekzioa ezinezkoa da", diote aurkezpenean, nahiz eta hartara hurbiltzerik badagoen teknologia eta alderdi humanoa uztartuz gero.

Slaviken doppelgänger batek ireki zuen Parisko George V hiribideko 10.ean egin zuten desfilea, baina XXI. mendeko Joana Arc-ekoak eman zion amaiera, Gvasaliak elkarrizketa batean azaldu zuen bezala. "Hori jantzi izan balu, agian ez zuketen bizirik erreko gizonezkoen arropak janzteagatik", adierazi zuen ironiaz. Bada, American Horror Story: Coven telesaileko Myrtle Snow sorgina gogoan, hauxe baino ez zait otutzen bilduma modu camp-enean amaitzeko: zalduna eskuak lotuta, piztear den sutzarraren gainean.
– Azken hitzik bai?
– BALENCIAGAAAAA!!!

Aldamar jauregira

Eta benetako Balenciaga bat ikusi nahi duena joan dadila Getariara: boli eta beltz koloreko tunika zabala, globo soineko gorria, satin lilaz egindako gaueko soinekoa, gros beltzezko koktelerako kapa, artilezko beroki gurutzatuak, toilez egindako probak, belusezko zaku soinekoa, boli koloreko gaza oihalez egindako emaztegai soinekoa, Balenciagaren bozetoak, lentejuelekin eta harriekin brodatutako tul marroiz egindako soinekoa...

Diseinatzaileari buruzko seriea ikusi duenarentzat spoiler bat: tamalez, Fabiola Belgikakoaren ezkontzako soinekoa ez dute atera martxoan ireki berri duten erakusketan. Merezi du, ordea!