Puntuka

Beste herri

Erabiltzailearen aurpegia Julen Otaegi Leonet 2024ko api. 25a, 11:30
Beizamako Illaunpe frontoiko horma; 1988an eraiki zuten. (Julen Otaegi Leonet)

Julen Otaegi Leonetek Urola Kostako Hitza egunkariko Puntuka atalean idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

Nekeza da ohartzea zenbat denbora igarotzen dugun lau gurpilen gainean han-hemenka, semaforo gorri baten parean nahi baino gehiago itxaron behar duzun arte. Eta jakin dezazuela beizamarra naizela: halabeharrez behartu dut neure burua kotxea hartzera herritik atera nahi izan dudan bakoitzean gidabaimenaren azterketa praktikoa halako batean gainditu nuenetik. Alde bietatik marratu nuen amarena furgoneta, pare bat susto izan nituen kotxea, lanean argiak piztuta eta bateriarik gabe utzi nuen aitaren todoterrenoa… Ikasi dut, gero, inoren kotxea ez hartzen; gaitz erdi kotxea erosi nuela iaz, momentuz dena ondo –tira, goraintziak aurreko aste bukaeran Atharratzetik Iruñera bueltan geundela errepidean zebilen behiari–. Non gogoa, han zangoa pedalari sakatzen. Eta ez nazazue gaizki ulertu: Agirretxe Rally Taldearen kamixeta ez ironikoki jantzi arren, ez naiz razingeroa. Faborez!

Sei minutu eta hamahiru segundo. Hori tardatu dut lanetik atera eta gero arrankatu dudan unetik obretan dagoen hiribideko lehen, bigarren, hirugarren semaforotik igaro eta autobiara atera arte. Behintzat berdean harrapatu dut gaur Santutxoko kruzera heldu aurretik jarri duten semaforoa; bide bazterrean geratzen den baserri bateko teilatua berritzen ari dira. Zero minutu eta zero segundo.

Azpeitira bidean naizen bakoitzean kotxetik pasadan ikusten dut Beizamako herrigunea, ez baitaukagu semafororik gurean, eta ez pentsa behar dugunik: berez bi noranzkodun baino arkupeetatik frontoi parera arteko tarte estuan, beste auto batekin-edo topo eginez gero, ondo baino hobeto ikasi dugu baztertzen, edo martxa atrasa sartzen beste erremediorik ez badago. Herriko aldaketak tertzeran pasa bitartean ikustera ohitu naiz: hara hor saltzeko zenbat etxebizitza eraikiko dituzten jakin gabe martxoan eraitsi zuten Etxebeste baserria zenaren orubea; hara han duela hamarkada pasatxo eraitsi zuten Eskolaetxe zenaren orubea, duela bi urte Europan lehiaketa irabazi zuen Ongi Etorri proiektuko alokairu sozialeko hamabi etxebizitzak noiz eraikiko ote dituzten.

Horien eta beste zenbait aldaketen lekuko izan naiz ditudan 23 urteotan: ume mokoa nintzenean tximinokeriak egiten besoa apurtu nuen parkea lekualdatu zuten haren lekuan Olanoegi kaleko zortzi etxebizitzak eraikitzeko –atrebituko naiz esaten ordura ez zela egon kale-kale esaten denik Beizaman–; eta ondoren txirrista-eta kendu zituzten etxebizitza horientzat orain erabiltzen ez den pellet galdara jartzeko; eta hortik gutxira plazan parke berria jarri zuten obra egin zutenean; eta inguru horretan ere altxatu zuten orain tabernaren jantokia dagoen eraikina. Horregatik bihurtu zen biltegi ordura arte tabernaren jantoki zaharra.

Horiek egin aurretik ezagutu nuen nik Beizama, eta horiek egin bitartean hazi nintzen. Beste hainbestetan kanbiatuko da, eta helduko ote da momentu bat non ez zaigun arrotz egingo eraikuntza berriak ikustea, kalea betidanik horrela izan dela pentsatzeraino! Bazegoen frontoi bakarra zuen Beizama bat, San Pedro eliza albokoa; ez dut irudikatzen, ordea, Illaunpe frontoirik gabeko herririk, nahiz eta badakidan hori ere noizbait eraiki behar izan zutela. Aita ni baino gaztexeago zenean izan zen hori, eta hau idatzi bitartean esan dit, hain justu, Illaunpe dagoen tokia Etxebestekoen terrenoetako bat zela.

Joan zen martxora itzuliz, bota zuten Etxebeste, eta egingo dituzte bertan beste etxe; halako batean, aspaldi, hasi ziren Beizama aldatzen, eta bihurtu zen beste herri.

PS. Obrak obra, badira inoiz ere existituko ez diren eraikuntzak: Amenabar auzoa eta Azpeitirako bidea lotzeko zubi zintzilikaria ezerezean geratu zen, nola ez; txikitan, eta ez galdetu zergatik, pentsatzen nuen Beizaman bazela trenbide bat –ikustekoa izan zen nire arrebaren aurpegia konbentzituta esan nionean tren geltokia herritik beheraxeago joanda zegoela–; eta gogoratu dut, udaleku batzuetan-edo altxorraren bila ari ginela, non ezkutatu zuten pistetako bat jolasa antolatu ziguten gazteek. Zera zioen asmakizunak: "Hasi bai, baina inoiz amaitzen ez dena". Herri osoa zeharkatuko genuen hitz horiei leku baten tankera hartu nahian, zirrikitu guztiak arakatzen. Ditxosozko pista ezin topatuta "inoiz ez" errepikatzen ziguten behin eta berriro, halako batean norbaiti Ama Birjina agertuko zitzaiolakoan. Okurritu zitzaion orduan bateren bati erantzuna, gazteok eraberritze lanetan ezagutu dugun baserria –horrela jarraitzen du oraindik ere–: "Estrata da! Estrata! Estrata!".